Politika -

Bilboko epaitegietan

Iñigo Cabacasen familiak inputazio gehiago eskatzea aztertuko du

Laster hiru urte beteko dira Cabacas hil zenetik, eta epaileak instrukzioarekin jarraitzen du, oraingo honetan lekukoei deklarazioa hartuz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzain bik deklaratu dute gaur goizean Bilboko 10. Epaitegian, Iñigo Cabacas Athletic-eko zalearen heriotza ikertzen duen auziaren baitan. Cabacas 2012. urteko apirilean hil zen, Ertzaintzak botatako pilotakada baten ondorioz.

Laster hiru urte beteko dira Cabacas hil zenetik, eta epaileak instrukzioarekin jarraitzen du, oraingo honetan lekukoei deklarazioa hartuz. Oraingoz bost dira inputatu dituzten ertzainak, bi ofizialorde eta Maria Diaz de Haro kalean, egun horretan, pilotakadak bota zituztela onartu zuten hiru polizia.

Ertzaintzak jaurtitako pilotetako batek Iñigo Cabacas jo zuen, buruan. Zaurien ondorioz, hil egin zen, ospitalean.

2012ko ekainean, Espainiako Poliziak ikerketa egin zuen tokian bertan, baina ezin izan zuen zehaztu zein izan zen tiro egin zuen ertzaina. Hori bai, tiratzailea Cabacas zegoen lekutik 25 metrora edo gutxiagora zegoela ondorioztatu zuen.

Prozesua 'azkartzeko' eskatu du Goirizelaiak

Jone Goirizelaia biktimaren senideen abokatuak prozesua "azkartzeko" eskatu du, gaztea orain hiru urte hil baitzuten.

Bien bitartean, 'Iñigo Gogoan' plataformak "mahai gainean kolpea emateko premia eta erantzunak berehala" jaso nahi dituela azpimarratu du.

Goizeko 10:00etan elkarretaratzea egin dute aipatu plataformako kideek, Auzitegiaren aurrean.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Jone Goirizelaiak kritikatu du prozesua "motelegi" joatea. "Ekainean aurkezten dugun idazkaria urrian ebazten da: ondoren, frogak aztertzen dira, ez guztian gainera, otsailean".

Gogoratu duenez, ia hiru urte igaro dira Cabacas hil zenetik eta, hortaz, prozesu judiziala "azkarragoa" izatea eskatu du, "denbora gutxi barru gauzak argiago uzteko".

Inputazio gehiago eskatuko dituzte

Iñigo Cabacasen senideek ertzain gehiagoren inputazioa eskatzea aztertuko du, gaur gertaeraren egunean Ertzaintzaren armen arduradunaren deklarazioa entzun ondoren. Horrez gain, bigarren polizia batek ere deklarazioa eman du epailearen aurrean.

Goirizelaiaren hitzetan, gaurko testigantzek “berebiziko garrantzia” dute.

Gau horretan ertzainek erabili zuten arma eta pilota kopuruaren inguruan azalpenak eman behar izan ditu Ertzaintzako agenteak.

Orain arte bost ertzain inputatu dituzte, eta akusazio partikularrak Ertzaintzako beste buruzagi batzuk galdekatzeko eskaera egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas