Politika -

Agerraldia

Pujol auzitik aldendu, eta soilik familiaren kontua dela esan du Masek

Hori horrela, argi adierazi nahi izan du auziak ez diela berari, Generalitateari eta CDCri eragiten; eta ITVen aferan Kataluniako Gobernuak "zuzen eta garbi" jokatu duela azpimarratu du.

Mas, Parlamentuko agerraldian. Argazkia: Efe
Mas, Parlamentuko agerraldian.
Pujol auzian zerikusirik ez duela esan du Artur Masek

1:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Kataluniako presidenteak esan du Jordi Pujol presidente ohiaren auzia "pertsonala" dela soilik, eta ez doala familiatik "harago". Horregatik, argi adierazi nahi izan du auziak ez diela berari, Generalitateari eta CDCri eragiten; eta ITVen aferan Kataluniako Gobernuak "zuzen eta garbi" jokatu duela azpimarratu du.

Masek Pujol auziaren harira Parlamentuan sortu den batzordean agerraldia egin du. Bertan, zerga iruzurra eta ihesa eta ustelkeria politikoa argitzeko ikerketa batzordean hitz egin du.

Masek berretsi du uztailaren 25ean izan zuela Pujolek atzerrian zuen ondarearen berri, hau da, presidente ohiak publiko egin zuenean; eta azaldu duenez, ez zen informazioa hedabideei ematearen kontra agertu. Izan ere, informazioa arratsaldean zabaltzea eskatu omen zuen soilik, CDCk goizean bilera zuelako Oriol Pujolen ordezkoa aukeratzeko.

"Familia barruko auzia soilik"

Presidente batek Parlamentuko ikerketa batzorde batean egin duen lehenengo agerraldian, Masek berretsi du Pujolen afera "familiari soilik" dagokiola, eta ez doala "harago".

"Ez du CDCrekin, CiUrekin, Kataluniako Gobernuarekin eta nirekin zerikusirik", adierazi du.

Hala, errefusatu egin ditu Pujolen atzerriko ondarearen eta CiUren gobernuen irregulartasunen artean egin diren loturak.

Masek azaldu duenez, uztailaren 25ean, goizeko zortzietan, jakinarazi zion Jordi Pujol presidente ohiak, CDCren egoitzan, atzerrian ondarea zuela.

Bilera horretan, Mas ez omen zen informazioa publiko egitearen kontra agertu, baina arratsaldean egin zezala eskatu zion, goizean Josep Rull CDCren koordinatzaile nagusi izendatzeko bilera egin zutelako, Oriol Pujolek, ITVren auziagatik inputatu ostean, kargua utzi zuelako.

ITV

ITVen iruzur sareari dagokionez, Masek esan du "harro" defenda dezakeela Kataluniako Gobernuaren jokabidea auzi horretan, "erabat zuzena eta garbia" izan delako. Horren harira, deslokalizaziorik ez dela izan eta lanpostuei eusteko "birlokalizazioak" izan direla zehaztu du.

Generalitatearen presidenteak gaineratu du Kataluniako Gobernuak "sekula ez" ziela jaramonik egin ITVen auziarekin lotutako enpresen "ustezko eraginari", eta "inor Gobernuari eragiten saiatu bazen" ez zuela lortu azpimarratu du.

"Inoiz ez" du dirurik eduki atzerrian

Miquel Iceta PSCren ordezkariari erantzunez, Masek esan du berak eta bere emazteak ez dutela sekula konturik eduki "Kataluniatik kanpo", eta ez zuela "zentimo bat bera ere jaso" aitaren herentziatik.

Buruzagi sozialistaren arabera, Kataluniako presidentearen adierazpenek iritzi publikoa "lasaitzeko" behar dute izan, "ustelkeriaren itzala" erabat desagerrarazteko, horrelako kasuek Generalitatearen "sinesgarritasunari kalte" egin diezaioketelako.

Masek aitortu du bere aitak auzibide judiziala izan zuela duela urte batzuk atzerriko kontu baten harira, baina gero artxibatu egin zela auzia.

Generalitatearen presidenteak esan du aita hil zenean zerga guztiak ordaindu zituztela eta ez zuela "zentimo bakar bat ere jaso" herentziatik.

Bestalde, Masek ez du ezkutatu Pujol bere aita politikoa dela, eta kontrakoa esatea "zitala" litzakeela. Horren harira, Pujolek "gauza positibo asko" egin zituela, baina iruzurraren berri izan zuenean "atsekabea handia" izan zela aipatu du.

Kataluniako Zerga Agentziak izapideak abiatu zituen

Bestalde, Kataluniako presidenteak gogorarazi du Kataluniako Zerga Agentziak izapideak abiatu zituela Pujolek atzerrian ezkutuko ondarea zuela aitortu zuenean, baina ez ditu ikerketaren inguruko azalpenak eman, legez kontrakoa delako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia