Politika -

Irregulartasunak Kutxabanken

Fernandezen azalpenak 'koldarrak' izan zirela salatu du EAEko PPk

Kutxabankeko ustezko irregulartasunak PPri leporatu nahi izatea “isekatzat” jo du Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutxabankeko ustezko irregulartasunak PPri leporatu nahi izatea “isekatzat” jo du Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteak.

Trapagaranen egindako agerraldian, Quirogak nabarmendu du Kutxabankeko Administrazio Batzordeko kide gehienak “EAJk izendatu” dituela. Horrez gain, Mikel Cabieces PSE-EEko kidea lehendakaria Patxi Lopez zenean “jarri” zutela gaineratu du.

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak Fiskaltzaren aurrean deklaratu behar izan zuen ostiralean, Kutxabankek Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari egindako ordainketen berri emateko, eta horren harian egin ditu adierazpen horiek EAEko PPko presidenteak.

“Garrantzitsuena leihoak irekitzea eta Kutxabanken antzeko kasurik izan den argitzea da”, adierazi du Quirogak.

“Azalpen koldarrak’

Bestalde, Javier De Andres EAEko PPko idazkari nagusiak “koldartzat” jo ditu Mario Fernandezek ostiralean emandako azalpenak, eta bere alderdiak ikerketa-batzorde bat sortzea babestuko duela iragarri du.

De Andresek ukatu egin du Mikel Cabieces kontratatzeko eskaera Antonio Basagoitik egin izana (zenbait hedabideek argitaratu zuten) eta bere alderdiko kideek horren berririk ez zutela gaineratu du.

Egokiena “PPko buruzagi horren izena” ematea litzatekeela esan dio De Andresek Mario Fernandezi.

“Jeferik ez edukitzeaz harro agertu da Mario Fernandez, baina, antza, bere buruzagia Alderdi Popularrean zegoen eta guk ez genekien”, salatu du.

EH Bilduk Kutxabankeko irregulartasunak ikertzeko batzorde bat sortzea proposatuko du Eusko Legebiltzarrean, eta PPk proposamena babestuko duela adierazi du gaur De Andresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank albisteak Arantza Quiroga bideoak