Politika -
Kutxabank
EH Bildu: 'Azalpen guztiak zor dizkigute'
Borja Semperrek ere hizpide izan du Mario Fernandezen eta Mikel Cabiecesen deklarazioa, eta "gardentasuna" eskatu du.
Erredakzioa
Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “EAJk eta PSEk Kutxabanken ustezko ordainketa irregularren harira sortutako salaketa gai pertsonala dela sinestarazi nahi digute”. “Tontoak garela uste al dute?”, galdegin du.
Kutxabank publikoaren eta sozialaren aldeko plataformak deitutako bilkuran parte hartu baino lehen egin ditu adierazpen horiek Maribi Ugarteburuk.
“Irregulartasunak ezagutzera eman eta aste batera, ezer jakin gabe jarraitzen dugu. Jaso dugun informazio bakarra Kutxabankek jakitea nahi zuen gutxia eta Mario Fernandezek eta Kutxabankek berak kaleratutako oharrak dira. Cabiecesek ez du ezertxo ere esan”, azpimarratu du.
“EAJk izendatuko zuen Fernandez eta PSEk Cabieces. Ez dira edonor, eta hau ez da gai pertsonala”, gaineratu du. “Hori ez du inork sinesten, eta azalpenak emateko garaia da, galdera asko baitaude erantzunik gabe”, ohartarazi du.
EAJ eta PSE Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzearen alde leudekeen ere galdegin du, “herritar guztiok merezi dugun informazioa emateko”.
“PSEren eta EAJren eskuztatze aztarnak” ikusi ditu Semperrek
Bestalde, Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak adierazi duenez, “Kutxabankekin lotutako kontuetan PSEren eta EAJren eskuztatze aztarnak daude”.
Semperrek prentsaurrekoa eskaini du Donostian Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuarekin batera pentsioen inguruan. Kazetarien galderei erantzunez Kutxabank hizpide izan du. “Badirudi PSOEren eta EAJren artean elkar hartu dutela euren arazoak konpontzeko”, adierazi du.
“Erakundeek, ez gobernuek ez eta kutxek, ez dute alderdi politikoek euren arteko kontuak antolatzeko leku izan behar”, gaineratu du.
Kutxabanken inguruan “gardentasuna” eskatu du Semperrek.
"Kontrol publikoa galtzeak iruzurra babesten du"
Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak bilkura egin du Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. “Kontrol publikoa galtzeak iruzurra babesten du”, salatu dute plataformako kideek.
Mikel Noval bozeramaileak nabarmendu duenez, “euskal finantza-sistemaren eta Kutxabanken inguruan dagoen kontrol publikoa galtzeak mesede egin dio iruzurrari eta aldeko jarrerei”.
“Nabaria da kutxak banku bihurtzeko bidea postuen banaketan eta prebendetan oinarritu dutela, prozesuaren alde egin dutenen arteko akordio politikoetan oinarrituta”, esan du Novalek. “Hemen gertatzen ari denak ardura politiko garbia du”, gaineratu du.
“Horrelako iruzurrekin onuradun batzuk besterik ez daude, Kutxabanken akzioekin egiteko interesa duten erakundeak, modu horretan lortuko baitute pribatizazioa era merkean egitea”, azpimarratu du Novalek.