Politika -
Urtarrileko inkesta
Podemosek bigarren lekua kenduko dio PSOEri, CISen arabera
Alderdi Popularrarekiko 3,4 puntuko aldea izango luke Pablo Iglesiasen alderdiak, botoen % 23,9 eskuratuta.
Erredakzioa
Espainiako Estatuan hauteskunde orokorrak gaur egingo balira, Alderdi Popularrak irabaziko lituzke (botoen % 27,3), baina Podemos bigarren indar bilakatuko litzateke (botoen % 23,9), PSOEri aurrea hartuta (botoen % 22,2), CIS etxeak 2015eko urtarrilean egindako inkestaren arabera.
Horren arabera, Alderdi Popularretik 3,4 puntura geratuko da Pablo Iglesias buru duen alderdia.
Urtarrilaren 2tik 12ra egindako barometroak agerian utzi du PSOEren boto-galera (1,7 puntu egin du behera, urriko inkestarekin alderatuta). Alderdi Popularrak lehen indar izaten jarraitzen du, baina 0,2 puntu galdu ditu epe horretan (botoen % 27,5 eskuratuko lituzkeela kaleratu zuten 2014ko urriko inkestan; % 25,3, 2015eko urtarrilekoan).
Aurreko bi inkestetan erakutsitako joerari jarraiki, Podemos lehen indarra izango litzateke boto zuzenari dagokionez (galdetutakoen % 19,3k aipatu du), Alderdi Popularraren (% 12,9) eta PSOEren (% 12,4) aurretik.
Uxue Barkos, nota onena jaso duen politikaria
Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailea da herritarrek hobekien baloratzen duten buruzagi politikoa (3,68ko nota). Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia da herritarren gustukoenetan bigarrena (3,68), eta puntu eta erdi gutxiagorekin ageri da bertan Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua (2,24).