Politika -
Frankismoko krimenak
Servini epaileak Martin Villa galdekatu nahi du
Epaile argentinarrak Gasteizen 1976ko martxoaren 3an Poliziak hil zituen bost langileen kasuaren harira hartu nahi dio deklarazioa ministro ohi espainiarrari.
Erredakzioa
Maria Servini epaile argentinarrak, frankismoko krimenak ikertzen ari den epaileak, Rodolfo Martin Villa ministro ohi espainiarra galdekatu nahi duela berretsi du, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an Poliziak hil zituen bost langileen kasuaren harira.
Prentsaurreko batean azaldu duenez, Argentinako Justiziak eta Gobernuak baimena ematen badiote, Espainiako Estatura joango da Martin Villari eta deklaratzeko prest agertu diren gainerako auzipetuak galdekatzera.
Aurreko urriaren 30ean, Servinik autoa kaleratu zuen diktadura garaiko krimenengatik 20 lagunen atxiloketa agintzeko, Martin Villa eta Jose Utrera Molina ministro ohiak tarteko.
Hala ere, Interpolek galarazi egin zituen agindu horiek, Espainiak eskatuta. Horren aurrean, Martin Villak esan zuen ez zuela "ezkutatzeko" asmorik, eta epailearen aurrean deklaratzeko prest agertu zen, 1976ko ekintza hartan ustez izan zuen arduraren inguruan azalpenak emateko, garai hartan Harreman Sindikalen ministro baitzen.
Horren harira, epaileak argi adierazi du Espainiako Gobernuaren laguntzaz galdetu diotenean: "Askorik ez du laguntzen". Epaileek, berriz, "laguntza handia" eman omen diote.
Espainian aldaketa politikoa egoteak prozesua azkartuko ote lukeen galdetuta, "ikerketa abiatzea" eskatu du, "epaile batek baino gehiagok" egin nahi duelako.
"Uneren batean ikertu egin beharko du Espainiak, Pinochetekin Txilen gertatu zen moduan", azpimarratu du.