Politika -
Ekitaldia, Bilbon
Ortuzar: 'Gatazka gainditu behar da, nazio-itun berria erdiesteko'
Sabino Arana jaio zela 150 urte bete direla gogoratzeko, ekitaldia egin du Bilbon EAJk. 'Euskal aberria eraikitzeko Aranaren konpromisoa' bere gain hartu dute jeltzaleek.
Erredakzioa
"Euskadi euskotarren aberri, aberri askea, egiteko Aranaren konpromisoak bizirik dirau EAJren baitan", esan du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak, Sabino Arana jaio zela 150 urte bete direla gogoratzeko Bilbon egin duten ekitaldian. Aranaren eskulturaren aurrean, Albia lorategietan, izan da omenaldia, eta lore-eskaintza.
Bizikidetza politikoa eraikitzeko, itun politiko berria eskaini du EAJk, subiranotasunean aurrera egitea helburu duena. Horretarako, baina, indarkeriaren ondorioak gainditzea premiazkoa da, Ortuzarren iritzian. "ETA desagertzea, desmilitarizazioa, egindako mina aitortzea eta presoak birgizarteratzea" dira ezinbesteko baldintzak, EAJren aburuz, itun nazional berria erdiesteko.
Akordioaren oinarrian, ezinbestean, Euskadi subjektu politikotzat aitortzea eta herritarrei erabakitzeko eskubidea ematea daude, Ortuzarren esanetan. Europar Batasunean subjektu berriari aitortu beharko litzaiokeen harremanetarako eredua eta herritarrek etorkizuna askatasunez erabakitzeko duten eskubidea ere abiapuntuak izango lirateke jeltzaleentzat.