Politika -
Martxoaren 22rako
Hauteskundeak aurreratuko dituzte Andaluzian
Susana Diaz Andaluziako presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela baieztatu dio Gobernuan kidea duen IU alderdiari.
Erredakzioa
Martxoaren 22an egingo dituzte Andaluziako hauteskundeak, legealdia amaitu baino urtebete lehenago. Susana Diaz Andaluziako presidenteak hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartu du, PSOEko iturriek jakitera eman dutenez.
Izquierda Unidaren arabera, gaueko bederatzi eta erdietan eman dio berria Diazek Antonio Maillo IUko eskualdeko koordinatzaileari. Koalizio-gobernua osatzeko ituna “hautsitzat” eman du Susana Diazek, eta hauteskundeak martxoaren 22rako deituko dituztela adierazi dio Maillori.
Bi ordezkari politikoen arteko elkarrizketa laburra izan dela gaineratu dute. Hauteskundeak aurreratzeko justifikaziorik ez dagoela eta erabakia “akatsa” dela esan dio Maillok presidenteari, alderdiko iturrien arabera.
Ostiralean, bilera egin zuten PSOEko eta IUko Andaluziako ordezkariek, eta Andaluziako presidenteak haiekin “konfiantzarik ez” duela esan zien koalizioko kideei.