Politika -
Terrorismoaren biktimak
Rajoyk biktimei egindako 'traizioak' salatu ditu AVTk bost bideotan
“Traizio gehiagorik ez” etiketarekin Twitter sare sozialeko kontuan bost bideo argitaratu ditu Terrorismoko Biktimen Elkarteak larunbateko protesta deialdia justifikatzeko.
Erredakzioa
Mariano Rajoyren Gobernuak biktimei egindako ?traizioak? salatu ditu Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Interneten. Elkarteak bost bideo argitaratu ditu datorren larunbateko protesta justifikatzeko. AVTk elkarretaratzea deitu du Madrilgo Colon plazan.
?Traizio gehiagorik ez? etiketarekin Twitter sare sozialeko kontuan bost bideo labur argitaratu ditu AVTk. Bideoetan, Mariano Rajoy Exekutiboko presidenteak terrorismoaren aurkako politikaz hitz egiten du foro ezberdinetan.
Aurreneko bietan, terroristek ?eskatzeko ezer ez? dutela eta ?euren etorkizuna espetxea? dela dio Rajoyk. Bi bideoak 2007ko martxoan egindako manifestazioan grabatu zituzten. Orduan Rajoy oposizioko buruzagia zen.
Rajoyren hitzekin batera ondoren askatu dituzte ETAko kideen irudiak agertzen dira, besteak beste, Ines del Rio, Santi Potros, Alberto Plazaola eta Josu Uribetxebarria Bolinaga.
Kartzela-baimenak
Biktimak PPren ?balioen estandarterik onena?direla defendatzen du Rajoyk irudietan, eta baita Jose Luis Zapateroren Gobernuak presoei emandako kartzela-baimenak kritikatu ere. Aldi berean Uribetxeberriari emandako hirugarren graduarekin egindako titularrak agertzen dira.
Azken hauteskunde orokorrak egiteko hilabete eskas falta zenean Rajoyk emandako mitin bat jasotzen du hirugarren bideoak. PPko hautagaiak terrorismoaren biktimei ?irtenbideak? eskaini zizkien. Laugarren bideoak PPren hauteskunde-programako promesa nagusiak biltzen ditu.
Lau bideoak traizio hitzarekin bukatzen dira. Azken irudietan, ostera, ?gezurrak bukatu dira? mezua azaltzen da. Zenbait presori espetxetik ateratzeko emandako baimenak aurpegiratzen dizkiote Exekutiboari. Bideoan Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa agertzen da.