Politika -

Katalunia

2015eko aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa kendu du ERCk

Artur Masek eta Oriol Junquerasek hauteskundeak deitzeko izenpetutako akordioaren baitan egin du iragarpena alderdi errepublikanoak.

Artur Masek eta Oriol Junquerasek lortutako akordioaren baitan dago gaurko iragarpena. EFE
Artur Masek eta Oriol Junquerasek lortutako akordioaren baitan dago gaurko iragarpena. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presidentetza Sailaren aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa kendu egingo duela iragarri du gaur ERCk, eta, horrenbestez, Kataluniako Gobernuaren 2015eko aurrekontuak onartzeko bidea emango du.

Francesc Homs Presidentetza kontseilariak sailaren diru-partidak azaltzeko aurkezpenean egin du iragarpena ERCk. Pere Aragonesek esan duenez, "arlo hori tramitatzea erraztu" egingo dute eta CiUren gobernuarekin negoziazio "sakonago" bati ekingo diote "aurrekontu bidezkoagok eta abertzaleagoak lortzeko", agertu du. Irailaren 27an plebiszitu hauteskundeak deitzeko bi alderdiek lortutako akordioari zor zaio gaurko ekimena, Aragonesen esanetan.

Arrazoi politikoak argudiatuta eta datu ekonomikoak sakon aztertu gabe, ERCk ekonomia gaietarako duen bozeramaileak bozketa izan aurretik eman du horren berri. Osoko zuzenketa kendu eta gainerako taldeek aurkeztutakoen kontra bozkatuko dutela iragarri du. Hori horrela, aurrekontuak onartu egin ahalko ditu batzordeak.

Aragonesen hitzetan, CiUren aurrekontuak "hobetu" nahi ditu ERCk, "ez daitezen hain autonomikoak izan eta estatu kutsu handiagoa izan dezaten". Izan ere, alderdi errepublikanoak uste du Generalitatearen aurrekontuak Espainiako Estatuaren "menpekoak" direla, eta, hala ez izateko, independentzia beharrezkoa dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia