Politika -

Kataluniako prozesua

Suberanisten gehiengo absolutua ezinbestekotzat jo du Artur Masek

Irailaren 27ko hauteskundeetan, indar suberanisten gehiengo absolutua lortzea ezinbestekotzat jo du Artur Mas Generalitateko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irailaren 27an egingo dituzten hauteskundeetan, indar suberanisten gehiengo absolutua lortzea ezinbestekotzat jo du Artur Mas Generalitateko presidenteak, prozesuarekin jarraitu ahal izateko.

Rac1 irrati-kateari eskainitako elkarrizketan, iraileko hauteskundeetan zerrendaburu izango den azkeneko aldia izango dela adierazi du Artur Masek.

1979tik izan duen izenarekin aurkeztuko da CiU hauteskundeetara, eta “etxe handi bat” gobernatzea izango du helburu nagusi, Masen hitzetan. Izan ere, hauteskundeetako helburua subiranotasunaren alde dauden indarren gehiengo absolutua lortzea izan behar dela esan du Generalitateko presidenteak. Hala gertatzen ez bada, eta hauteskundeak CiUk irabazten baditu, presidente izaten ahaleginduko da Artur Mas.

Horren ustez, irailaren 27an “urrezko aukera” izango dute “gehiengo indartsu eta zabalak” independentziaren alde egiten duela erakusteko. Gehiengo absolutu hori lortzeko aukera badela esan du Masek, baina “ibilbide zaila” izango dela onartu du.

Hori lortzen ez bada, egungo egoerak bere horretan jarraituko luke, horren esanetan: “Espainiako periferia izaten jarraituko luke Kataluniak”.

Independentzia 2016. urtean aldarrikatu beharko litzatekeela adierazi zuen atzo ERCk, baina Artur Mas ez da gai horretan sartu, “zailtasun handiko prozesua baita”.

Hortaz, irailaren 27koa “behin betiko galdeketa” izatea espero du Artur Masek, eta katalanen iritzia ezagutzeko “tresna” izango dela gaineratu du.

Uztailetik ez du Rajoyrekin hitz egin

Masek jakinarazi du uztailetik ez duela Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin harremanik izan. Uztailean Madrilen, Moncloa jauregian, bildu ziren Rajoy eta Mas. “Ez du nirekin hitz egiteko gogorik”, esan du.

“Abuztuan edo irailean deituko zidala esan zidan. Berak deitu behar zuen, baina ez dit deitu”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma