Politika -
Presoaren heriotza
Uribetxebarriaren heriotza espetxe politikari egotzi dio Sortuk
Egibarrentzat (EAJ) presoa aske uztea "arrazoizkoa" izan zen; Llanosen (PP) hitzetan, berriz, "Estatuaren eskuzabaltasuna" agerian uzten du.
Erredakzioa
Pernando Barrena Sortu bozeramaileak espetxe politikari egotzi dio Josu Uribetxebarria presoaren heriotza, eta sakabanaketa eta presoak jasotako "mediku arreta negargarria" salatu ditu.
Uribetxebarria Bolinagak minbizia zeukan eta espetxetik kanpo zegoen 2012ko irailetik, Auzitegi Nazionalak "arrazoi humanitarioak" argudiatuta aske geratzeko agindua eman zuenetik.
Twitterren botatako txio batean espetxe politikari egotzi dio Barrenak Uribetxebarriaren heriotza eta sakabanaketa eta presoak jasotako "mediku arreta negargarria" salatu ditu
Bestalde, Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak agertu duenez, "heriotza guztiak dira deitoragarriak". Uribetxebarria aske uztearen erabakia "arrazoizkoa" izan dela agerian geratu da, buruzagi jeltzalearen aburuz.
"Heriotza guztiak dira deitoragarriak, eta kasu honetan, azken bi urteetan polemika handia egon da kasu honen inguruan. Behintzat, argi geratu dena da aske uztea arrazoizko erabakia izan zela", adierazi du Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean.
Buruzagi jeltzaleak gogorarazi duenez, azken asteetan "bere egoeraren inguruko kritikak areagotu egin dira eta espetxera bueltatu behar zela esan zuten askok. Bada hor dago albistea. Ez du atzera bueltarik", nabarmendu du.
PP: "Zuzenbide Estatuaren eskuzabaltasuna agerian geratu da"
Nerea Llanos Euskadiko Alderdi Popularraren idazkari nagusiak nabarmendu duenez, Uribetxebarria etxean hil izanak "agerian utzi du Zuzenbide Estatuaren eskuzabaltasun eta objetibotasuna".
"Zuzenbide Estatuaren eskuzabaltasuna" ezker abertzaleak erakutsi ohi duen jarrerarekin alderatu du Llanosek Bilbon eskainitako prentsaurreko batean. "Ezker abertzaleak Zuzenbide Estatua kritikatzen du beti eta zapaltzailetzat jotzen du", erantsi du.
"Krimen higuingarriak egin dituen Bolinaga jauna etxean hil ahal izateak agerian utzi du Zuzenbide Estatuaren eskuzabaltasuna, berak ez zuen halakorik erakutsi bere biktimekiko", azpimarratu du buruzagi popularrak.