Politika -

Abokatuen kontrako operazioa

Polizia-operazioarekiko 'kexu' agertu da Abokatutzaren Kontseilua

Ezker abertzaleko 13 abokatu atxilotzeko "modua" eta operazioari emandako "publizitatea"gatik kexua agertu du Kontseiluko presidenteak.

Abokatutzaren Kontseiluak kexuzko eskutitza igorri dio ANri

1:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Abokatutzaren Kontseiluak kexuzko eskutitza igorri dio Auzitegi Nazionaleko presidenteari, asteleheneko polizia operazioan ezker abertzaleko abokatuak atxilotu zituzten modua salatuz.

Carlos Carciner Abokatutzaren presidenteak operazioa egiteko modua eta horri eman zioten publizitateagatik bidali du aipatu eskutitza.

Carnicerek sinatzen duen eskutitzak dio atxiloketa hauek “abokatuen defendatzeko eskubidearentzat kaltegarri” izan litezkeela, bai abokatu hauen defendatzeko eskubidearentzat, eta baita abokatuen bezeroen defendatzeko eskubidearentzat ere.

Auzitegi Nazionalari gogoratzen dionaren arabera, uztailean, abokatu talde horri buruz hedabideetan argitaratu zen informazio baten ondorioz, Bizkaiko eta Gipuzkoako Abokatu Kontseiluak harremanetan jarri ziren Auzitegi Nazionaleko presidentearekin berarekin, informazioaren berri eman eta, bide batez, abokatuak epaitegietara edo poliziarengana joateko prest zeudela esateko.

Hala ere, azkenean, deklaratzera deitu ordez atxilotu egin dituztela dio, eta komunikabideetan oihartzun mediatiko handia emanez gainera.

Egoera ahalik eta lasterren konpontzeko eskaria eginez amaitzen du Espainiako Abokatuen Kontseiluko presidenteak, Auzitegi Nazionaleko presidenteari igorri dion eskutitza.

Bizkaiko abokatuak: 'Operazioak ez du justifikaziorik'

“Neurrigabetzat” jo du operazioa Bizkaiko Abokatuen Kontseiluak (bost atxilotu kontseilu horretako kideak dira). Hedabideei bidalitako iritzi-artikulu batean, Bizkaiko abokatuek gogoratu dute atxilotuak “informazioa emateko, deklaratzeko edota miaketak errazteko” prest zeudela eta hala adierazi ziotela bere egunean Auzitegi Nazionalari.

“Behin operazioaren emaitza eta abokatuak aske utzi dituztela ikusita, atxiloketek justifikaziorik ez zutela izan uste dugu”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea