Politika -

Hauteskundeak Katalunian

Hauteskundeak aurreratzea 'hondamendia' da, PPren eta PSOEren ustez

Deialdia 'logikoa' da, EAJren aburuz. EH Bildu, bestalde, Kataluniako egoerak euskal auziari lagunduko diolakoan dago.

Hauteskundeen aurreratzea iragartzeko egindako ekitaldiaren 'familia argazkia'. EFE
Hauteskundeen aurreratzea iragartzeko egindako ekitaldiaren 'familia argazkia'. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espero zen bezala, Katalunian hauteskundeak iragarri dituztela eta, oso kritiko agertu dira PP eta PSOE. Hauteskundeak irailaren 27ra aurreratu izanak, baina, bestelako erreakzioak eragin ditu gurean: EAJk eta EH Bilduk pozik hartu dute deialdia.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak Artur Mas ohartarazi du. Izan ere, horren esanetan, "ERCrekin akordioa lortzen duen orok txarto bukatzen du, historia errepasatzea baino ez dago". Buruzagi popularraren arabera, "garaipenetik garaipenera" dabiltza orain, baina "hondamendia da amaiera".

Alderdi Popularreko kidearen arabera, "ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna eragiten duen guztia ez da ona", eta hauteskundeak orain, herritarren kezkak beste batzuk direnean, deitzea "ez da serioa", azpimarratu du. Hauteskunde deialdiak "gauza on bat" baduela onartu du: "Gutxienez, denbora batez, ez da bilera eta mezu amaigaibeen vaudebillerik izango".

Ildo beretik mintzatu da Antonio Hernando PSOEk Kongresuan duen bozeramailea. Horren ustez, hauteskundeak aurreratzea "hondamendia da Kataluniarentzat", eta Artur Masek eta Oriol Junquerasek "boterea lortzeko gatazka latza" dutela kritikatu du.

Hernadoren arabera, zortzi hilabete hauetan "tentsio gehiago" izango dira Kataluniaren eta Estatuaren artean, Masek "estatu egiturak" eratu nahi dituela eta.

EAJk eta EH Bilduk deialdia txalotu dute

Oso bestelako adierazpenak egin ditu Koldo Mediavilla EAJren Harreman Instituzionaletarako burukideak. Horren iritzian, katalanek "euren iritzia eman nahi dute, eta ez dago hori egiteko modu logiko eta txalogarriagorik".

Artur Mas legearen barruan aritu dela azpimarratu du Mediavillak, eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu: "Ez da egon elkarrizketarako aukerarik ere, ate guztiak itxi dizkiete". "Azkenean, Kataluniako herritarrei euren nahia adierazteko aukera emango diete behintzat alderdi politikoek, hauteskundeetarako programa argi eta garbi bat aurkeztuta", erantsi du.

Pello Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkidearentzat, "harrigarria" da hauteskundeak irailerako deitzea, urteko lehenengo hiruhilekorako espero zituztelako, baina "baliteke zentzua izatea" Kataluniako alderdiek "zauriak sendatu eta batasunerako mezua sortzeko" baiatzen badute, gaineratu du.

Hain justu, alderdiei "onena opa" diela esan du Urizarrek; izan ere, horren iritzian, "Kataluniako gizartearen bultzada eta hauteskundeetan lor ditzaketen emaitzak guretzat lagungarriak izan daitezke, guk gure lana ondo egiten badugu behintzat".

Rosa Diez UPyD alderdiko buruzagiaren esanetan, berriz, hauteskundeak aurreratzea "iruzurra" da herritarrentzat, eta alderdi katalanen "porrota" azalerazten du, "ez dutelako katalanen arazoak konpontzeko gaitasunik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia EAJ-PNV Albisteak Alderdi Sozialista PP UPyD EH Bildu Araba