Politika -

Mate operazioa

Arraizen hitzak aztertuko dituzte Calparsorok eta Auzitegi Nazionalak

Carlos Urquijok eta Fernandez Diazek aurkeztutako eskaeren harira, ikerketa abiatu dute bi Fiskaltzek. Guardia Zibilari "xake-matea emateko unea" dela esan zuen Arraizek.

Arraiz: 'Herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea da'

01:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Guardia Zibilari eta Estatuari mehatxu eta irain" egin diolakoan, Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak atzo egindako adierazpenak aztertzeko agindua eman dute Juan Calparsoro EAEko fiskalburuak eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Presoen 12 abokatu eta beste 4 lagunak atxilotzeko Mate operazioaren harira, "herri honek Guardia Zibilari xake-matea emateko unea da", esan zuen Arraizek.

Carlos Urquijo Espainiak EAEn duen ordezkariak Arraizen adierazpenak ikertzeko eskatu dio Calparsorori, eta honek eskaera onartzea eta adierazpenok ikertzea erabaki du. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, berriz, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak egindako eskaera aintzat hartu du.

Hasier Arraizek atzo ezker abertzaleko kolektiboaren kontrako operazioaren harian esan zuenez, “estatu terrorista baten aurrean gaude”, eta “herri honek Guardia Zibilari xake-matea emateko unea” da, “Europan askatasuna babestearen izenean guztion askatasunak murriztu nahi” dituztelako.

Arraiz foruduna denez, adierazpenok ikertzeko eskumena duen Fiskaltza zein den ebatzi beharko dute aurrena. Izatez, EAEko Fiskal Nagusiari dagokio ikerketa egitea. Behin eskumena norena den erabakita, deliturik ote dagoen erabaki beharko dute.

Urquijo: 'Ezin da zigorrik gabe geratu"

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren hitzetan, Estatua "terroristatzat" jotzea edo "Guardia Zibilari xake-matea ematea" eskatzea irain eta mehatxu egitea da, eta "ezin da zigorrik gabe geratu", erantsi du. Urquijoren aburuz, "zuzenbide-estatuaren ekintza batekin ados ez egoteak ezin du aitzakia izan inor iraintzeko edo mehatxu egiteko". PPko ordezkariak azpimarratu duenez, "inor ez dago Legearen gainetik, eta gutxiago ordezkari politikoak, Legea betetzen dutela erakutsi behar baitiete herritarrei".

Fernandez Diazi "goragalea" eman diote adierazpenek

COPE irratian egindako adierazpenen arabera, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak esan du goragalea eman ziola adierazpen “iraingarri” horiek entzuteak, eta iragarri du Fiskaltzara joko duela delitu diren azter dezan.

Barne ministroak gogorarazi duenez, ETAk eta bere inguruak hamarkadak eman dituzte Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari “xake-mate” egin nahian, eta horren erakusle da 200 guardia zibil eta 150 polizia nazional hil direla askatasuna defendatzeko borrokan. “Gai honekin txantxarik ez”, erantsi du.

Gainera, Fernandez Diazen esanetan, Gobernuak ez ditu Estatuko Segurtasun Indarrak EAEtik mugiaraziko; izan ere, “ETA garaitua baldin badago, bertan daudelako da”.

Horren ildotik, “hedatze hori barik ETA ez litzateke hilzorian eta heriotza egiaztagiriaren zain egongo”, berretsi du.

EAJren ustez, ez dago deliturik

Bestalde, Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak ez du uste Arraizen hitzek "inoren kontra aritzeko deia" direnik. Ez dagoena ikusi nahian dabiltzala uste du Estebanek. Izan ere, buruzagi jeltzalearen iritzian, Guardia Zibilak operazioari emandako izenarekin hitz-jokoa baino ez zuen egin Sortuko presidenteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Hasier Arraiz argazkiak ETA albisteak Salaketak