Politika -

Polizia-operazioa

Atxilotuetako sei epailearen aurrera eramango dituzte arratsaldean

Horietako bi, Arantza Aparicio eta Haizea Ziluega, aske utzi ditu Guardia Zibilak gaur goizean, epailearen esku utzi baino lehen.

LABek Bilbon duen egoitza miatzen ari da Guardia Zibila. EITB
LABek Bilbon duen egoitza miatzen ari da Guardia Zibila. EITB
Hamabi abokatuei 1.300.000 euroko iruzurra leporatzen zaie

1:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Mate' operazioaren baitan -ETAren 'espetxeetako frontea' deitutakoaren aurka- atxilotuetako sei lagun Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean eramango dituzte gaur, asteartea, arratsaldean, Auzitegiko zenbait iturriren arabera.

Amaia Izko, Haizea Zilueaga, Eukene Jauregui, Arantza Aparicio eta Oninza Ostolaza abokatuak dira epailearen aurrean egotekoak, Nagore San Martin Herrirako kidearekin batera.

Horietako bi abokatu, Arantza Aparicio eta Haizea Ziluega, aske utzi ditu Guardia Zibilak gaur goizean, epailearen esku utzi baino lehen.

Gipuzkoako Ogasunari informazio eskatu dio Guardia Zibilak

Bien bitartean, gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Ogasunari informazioa eskatu dio Guardia Zibilak: atzo atxilotutako hainbat lagunen inguruko "informazioa fiskala" eskatu dio, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Atzoko polizia-operazioan 16 pertsona atxilotu zituzten, gehienak ETAko presoen abokatuak.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunaren arabera, "oso deigarria" da atzo ustezko iruzur fiskalei buruz informazioa zabaldu eta gero, gaur froga bila joatea Foru Aldundira, atxiloketak akusazio jakin batzuetan oinarrituta egin direnean.  Orain arte, polizia-operazioaren atzean daudenak eta iruzur fiskala ikertzen ari direnak  ez direla ez Foru Aldundiarekin ez Foru Ogasunarekin harremanetan jarri esan du Ugartek. Velascok eskatu duen informazioa atzo atxilotutakoekin lotuta dagoen galdetuta, Aldundiko bozeramaileak erantzun du polizia-operazioarekin zerikusia duela, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi izan, "zuhurtziagatik". Atzoko operazioan atzemandako pertsonek ogasun publikoari iruzur egin dioten inolako zantzurik ez dutela gaineratu du. Oso larritzat jo du atzoko operazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Batzordeak  adierazpen instituzionala onartu du gaur: "Euskal Herrian abiatu den bakebidearen" kontrako eraso zuzena dela esan dute.

Polizia-operazioa

Guarda Zibilak atzo, 07:00etan, abiatu zuen operazioa, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Madrilen. Atxiloketak egiteaz gain, hainbat miaketa egin zituzten, hiru herriko tabernatan, abokatuon bulegoetan eta LAB sindikatuak Bilbon duen egoitza nagusian, besteak beste.

Azken miaketa horrek 12 ordu iraun zuen, eta Guardia Zibilak 90.000 euro atzeman zituen bertan, eskudirutan. Sarek azaldu duenez, herritarrek Bilbon larunbatean egin zen manifestazioan emandako dirua da.

2012an eta 2013an Ogasun Publikoari 1.300.000 euroko iruzurra egitea leporatzen die Espainiako Barne Ministerioak abokatuei. Gainera, desegintzat jo ditu "ETAko presoek osatzen duten kolektiboaren finantza-sarea" eta "espetxean dauden presoak talde armatuaren esanetara egoteko ETAk erabiltzen zuen egitura".

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendutako operazioa izan da. 'Mate' izena jarri dio Guardia Zibilak operazioari, eta Herriraren kontra 2014ko urtarrilean abiatutako 'Xake' operazioaren segida izan da.

Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Madrilen atzo hastekoa zen epaiketan auzipetuetako bat, polizia-operazioaren lekuko zuzena izan da. Beste hainbat auzipeturekin eta abokaturekin batera, Madrilgo hotel batean igaro zuen gaua. Auzitegi Nazionalera joatekoak zirenean, Guardia Zibila sartu zen, eta abokatuak atzeman zituen: "Esnatu berriak ginen. Guardia Zibila hoteleko pasilloetan barrena ikusi dugu, eta Amaia Izko eta beste bi abokatu eraman dituzte atxilo", esan zuen, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

"Estatuaren mendeku egarria" salatu zuen Barrenak. Izan ere, atxilotuetako bat, Amaia Izko, "Parot dotrina bertan behera utzi zuenetako bat da".

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere salatu zuen operazioa. Sindikatuaren bulegoa miatu izana "LABen askatasunaren eta demokraziaren kontrako erasoa" dela esan zuen. Etxaideren ustez, larunbatean Sarek antolatutako manifestazioan bildutako dirua LABen egoitzan gorde zutelako egin dute miaketa.

Beste alderdi batzuek ere hitz egin zuten operazio horren inguruan. EH Bilduk gogor gaitzetsi zituen atxiloketak, eta PPk, UPyDk eta UPNk, berriz, babestu egin zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA