Politika -
Katalunia
Kontzentrazio gobernua orain zehazteko esan dio Junquerasek Masi
Horretarako ez dela hauteskunde egunaren biharamunera arte itxaron behar azpimarratu du ERCko buruak.
Erredakzioa
Hauteskundeak deitu arte itxaron gabe, kontzentrazio gobernu bat zehazteko lehen pausoak ematea eskatu dio Oriol Junqueras ERCko buruzagiak Artur Mas Generalitateko presidenteari. Halaber, Kataluniako hauteskundeak maiatzeko udal hauteskundeak baino lehenago egin behar direla azpimarratu du.
El Periodico de Catalunya egunkarian argitaratutako artikulu batean, Junquerasek baieztatu du ezinbestekoa dela "konfiantza sortzea bide orri bat eta ekintza batasuna partekatzeko", eta "pauso hori emateko eta, gaurtik, kontzentrazio gobernu hori marrazteko unea" iritsi dela gaineratu du.
"Ez dago hauteskunde egunaren biharamunera itxaron beharrik egiten hasteko, posible da aldi berean egitea: espektro zabaleko kontzentrazio gobernu bat osatzeko lan egitea eta, aldi berean, hauteskundeak deitzea", adierazi du.
Artur Masek hauteskunde deialdiaren gainean egindako proposamen ezberdinak "publikoki zehaztu" izana goraipatu du Esquerrako presidenteak eta azpimarratu du haren alderdiak "ontzat" ematen duela alderdi subiranoek egindako proposamena.
Ildo horretan, zerrenda proposamen hori onartu egin duela adierazi du "inplikatuta egon daitezkeen pertsonen eta entitateen askatasuna eta independentzia errespetatuz", eta horrek Kataluniako hauteskundeak udal hauteskundeen aurretik egitea ahalbideratuko duela baieztatu du.