Politika -

Urte amaierako mezua

Aurki 'erabaki arriskutsuak' hartu beharko dituela aitortu du Masek

Generalitateko presidenteak ez du argitu hauteskundeak aurreratuko ote dituen.

Artur Masen urte amaierako mezua. EiTB
Artur Mas Kataluniako presidentearen urte bukaerako mezua

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak ez du argitu Kataluniako hauteskundeak aurreratuko ote dituen, baina, A-9an egin bezala, aurki "erabaki arriskutsuak" hartu beharko dituela aitortu du.

Masek urte amaierako mezua eskaini du astearte honetan. Horretan, independentistek "bat egiteko" deia egin du. Izan ere, "Estatuak bananduta ikusi nahi gaitu".

Presidenteak ez du zehaztu hauteskundeak aurreratuko ote dituen, plebiszitu izaera izan dezaten, baina hurrengo asteetan "erabaki zailak eta arriskutsuak" hartu beharko dituela nabarmendu du.

Horren esanetan, A-9ko kontsulta "oztopo bete" etorri zen, baina ez zuen "zalantzarik" izan "egokien uste nituen erabakiak hartzeko", eta "berdin" egingo du "herrialde gisa" egin beharreko "hurrengo urratsetan".

"President gisa, nire erantzukizuna da erabaki zailenei ere ez ihes egitea. Zuen konfiantza dudan bitartean, hala egingo dut. Eta zuen botoak izango dira gure herrialdea gidatuko duten urratsak diseinatzen dituztenak", esan du.

Masek independentziaren aldekoen arteko batasunerako deia egin du, "Estatua horren beldur baita gehienbat". "Bananduta ikusi nahi gaitu, hala ahulagoak garela badakielako", ohartarazi du.

Horren ildotik, A-9n izandako batasunak "herrialde gisa indarra" eman ziela gogorarazi du, "Estatuaren debekuak debeku".

"Batasunak indartsuago egiten gaitu, eta aurrera irmoago egitea ahalbidetzen digu; batasunak hobe ulerrarazten du herrialde gisa nahi duguna, eta garaipen morala ematen digu", gaineratu du.

Bestalde, A-9ko parte-hartze prozesua "demokrazia ariketa bat" izan bazen ere, Estatuak kereilak jarri izana deitoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniaren independentzia