Politika -

Batzarra

Birzentralizazioari aurre egitea adostu dute Urkulluk eta Masek

Lehendakariak eta Generalitateko presidenteak bi nazionalitateek bizi duten egoera ekonomiko eta politikoa aztertu dute, baita Estatu ereduak bizi duen krisi instituzionala ere.

Maiatzean bildu ziren azkenekoz bi agintariak. EFE
Mas eta Urkullu
Urkullu eta Mas Ajuria Enean bildu dira

1:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Generalitateko presidenteak kezka azaldu dute Espainiako Gobernuaren "estrategia birzentralizatzailea" dela eta; izan ere, estrategia horrek "duela hiru hamarkada lortutako oinarrizko adostasun politikoak" urratzen dituela uste dute. Horren aurrean, elkarrekin lan egitea adostu dute.

Bileran, bi nazionalitateek bizi duten egoera ekonomiko eta politikoa aztertu dute, "baita Estatu ereduak bizi duen krisi instituzionala ere". Bi gobernuburuen iritziz, gainera, krisi hori areagotzen ari da Estatu espainiarrean.

Bestalde, autonomia erkidego historiko bakoitza "bere estatus politikoa egokitzeko" garatzen ari diren prozesu politikoez ere mintzatu dira." Kasu bakoitzak eredu eta prozedura propioa baldin baditu ere, bai Iñigo Urkulluk eta bai Artur Masek ere kezka adierazi dute Espainiako Gobernuaren estrategia birzentralizatzailea dela eta, orain hiru hamarkada lortutako oinarrizko adostasun politikoak alde bakarrez hausten ari delarik", adierazi du Eusko Jaurlaritzak ohar batean. Horren aurrean, bi buruzagiek adostu dute elkarrekin lanean jardutea prozesu horri aurre egiteko, beti ere, euren autogobernua eguneratzeko jorratzen ari diren bideak errespetatuz.

Biak ala biak kezkatuta agertu dira baita ere, politika ospea galtzen ari delako. Honen oinarrian dago, bien ustez, alderdi politikoekiko gizarteak duen mesfidantza. "Konfiantza falta honen jatorria da, besteak beste, finantza krisia eta honek gizartean izan duen eragina, hala nola politikari lotutako ustelkeria eta oker jardutea. Hau dena, krisi ekonomikoaren kudeaketak eragindako etsipen egoera batean", Eusko Jaurlaritzaren oharraren arabera. Horren aurrean, bi agintariak bat datoz gardentasunaren unea dela, kontuak argi azaltzekoa eta politikaren duintasunaren alde lan egitekoa; zerbitzari publikoen gehiengoaren zintzotasuna azpimarratuz.

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidenteak ordu eta erdiko bilera egin dute Gasteizen, Euskal Selekzioaren eta Kataluniakoaren arteko partida jokatu baino lehen. 13:00etan hasi dute bilera eta, hasteko, bi gobernuburuek opariak eman dizkiete elkarri. Lehendakariak bi opari eman dizkio Artur Masi: Ajuria Enea jauregiaren grabatu bat eta 1936ko urriaren 8ko Euzkadi egunkariaren alearen faksimile bat, lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketaren berri ematen zuena. Bere aldetik, Mas presidenteak 1714-2014 Hirurehungarren urteurrenaren omenezko argitalpen bat oparitu dio Urkulluri.

Bileraren ondotik, bi agintariak Gasteiztik Bilbora joan dira Euskal Herriko selekzioaren eta Kataluniakoaren arteko adiskidantzazko futbol partida bertatik bertara ikusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Iñigo Urkullu Lehendakaria