Politika -
Euskobarometroa: erreakzioak
EAJren iritziz, 'goiz' da jakiteko 'zer gertatuko den autonomikoetan'
"Gauza asko gerta litezke lehenago", esan du Aitor Esteban jeltzaleen bozeramaileak 2016rako aurreikusita dauden hauteskundeen gainean hitz egitean.
Erredakzioa
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak adierazi du "goiz" dela jakiteko "zer gertatuko den" hauteskunde autonomikoetan; izan ere, hauteskunde horiek egiteko ia bi urte falta dira, une honetan.
Euskadi Irratian elkarrizketatua, Esteban Euskobarometroak zabaldutako hauteskunde-iragarpenez aritu da. Aurreikuspen horien arabera, EAJk botorik gehien lortuko lukeen alderdia izango litzateke berriro, baina egungo 27 eserlekuetatik 22-23 jaitsiko litzateke; Podemos kokatuko litzateke bigarren indar moduan, EH Bilduren kalterako, eta bi lehen alderdien arteko aldea eserleku bakar batekoa izango litzateke.
EAJren bozeramaileak adierazi du "goizegi" dela jakiteko zer gertatuko den 2016an; 2015ean, hain zuzen ere, hauteskunde orokorrak izango dira, eta hori ere kontuan hartzekoa dela azaldu du.
Nolanahi ere, Estebanek aitortu du "ukaezina" dela Podemos EAEko eta Espainiako erakundeetan egongo dela, eta, hortaz, "beste indar politiko bat bezala" tratatu beharko dituztela. Halaber, ohartarazi du Pablo Iglesias lidergoan duen alderdiak zenbait arlotan dituen proposamenak zehaztu behar dituela, oraindik, eta argitu behar duela zein iritzi duen "euskal gatazkaren gainean".