Politika -
Euskobarometroa
Podemos, EAEko bigarren alderdia, EH Bilduren aurretik
Pablo Iglesiasen alderdiak botoen % 25,6 lortuko lituzke EAEko hauteskundeak gaur egingo balira, Euskobarometroaren arabera. EAJk irabaziko lituzke bozak.
IKER GOMEZ / EITB.EUS
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak gaur egingo balira, botoen % 30,5 eta 22-23 eserleku lortuta (orain dauzkanak baino lau edo bost gutxiago). Azaroko Euskobarometroaren datuak, boto intentzioaren ingurukoak, argitaratu dituzte gaur.
Podemosek eman du lerroburu nagusia: EHUko inkesta horren arabera, botoen % 25,6 lortuko lituzte Pablo Iglesiasen alderdiak Euskadin, 21-22 eserleku eskuratuz. Hortaz, Legebiltzarreko bigarren indarra izango litzateke, EH Bilduren aurretik. Izan ere, koalizio abertzaleak bozen % 19,7 jasoko lituzke, eta 13-14 eserleku (egun 21 ditu).
PSE-EEk ere atzera egingo luke, eta laugarren tokian geratuko litzateke. Botoen % 12,8 egokitu dizkio Euskobarometroak, 10 ordezkari, beraz (orain baino sei gutxiago).
Popularren egoerak ere okerrera egingo luke. Sei eserleku lortuko lituzkete, eta bozen % 8,1.
IU/Ezker Anitzarentzat ere, albiste txarra: botoen % 3,2 lortuko lituzkete eta, hortaz, ez lukete eserlekurik ziurtatuta izango. UPyDk, ordea, botoen % 2,2rekin, badu ordezkaritza mantentzeko aukera.
Lurraldeka, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak Bizkaian. Araban bigarren alderdia izango litzateke eta, Gipuzkoan, hirugarrena. Podemosek Araban irabaziko lituzke hauteskundeak, eta EH Bildurekin batera, lehenengo indarra izango litzateke Gipuzkoan. Bizkaian, berriz, bigarren alderdia izango litzateke Pablo Iglesiasen alderdia. Koalizio abertzaleak lehen tokia eskuratuko luke Gipuzkoan, hirugarrena Bizkaian eta laugarrena edo bosgarrena Araban.
Hauteskundeak gaur bertan egingo balira, parte-hartzea % 67koa litzatekeela gaineratu dute Euskobarometroko arduradunek.
Gobernua osatzeko formulak
EHUko Zientzia Politikoetako Sailak egindako Euskobarometroa da gaur aurkeztu dutena. Gobernua osatu ahal izateko, EAJk Podemosi begiratu beharko diola azpimarratu dute txostenaren egileek. Podemosen babesa lortzen ez badu, gainerako alderdietatik bi (EH Bildu, PSE-EE edo PP) beharko ditu EAJk Gobernua osatzeko.
Bada Gobernua osatzeko beste formula posible bat: Podemos, EH Bildu eta PSE-EEren arteko hirualdeko Gobernua, hain zuzen ere.
Inkesta urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean egin dute.
Herritarren balorazioa
Herritarren balorazioa ere jaso dute azaroko Euskobarometroan. Iritzi negatibo (% 29) eta positiboen (% 28) artean, EAJ da puntu positibo bat lortu duen alderdi bakarra. Gainerako alderdiek, saldo negatiboa izan dute, EH Bilduren hamabi puntu negatiboetatik PPk jaso dituen 82 puntuetara.
Jaurlaritzaren kudeaketa baloratzean, % 28k balorazio positiboa egin duten bitartean, % 24k iritzi negatiboa islatu dute. Mariano Rajoyren Gobernuak, berriz, balorazio negatiboa jaso du: herritarren % 90k nota txarra jarri dio Rajoyren kudeaketari.
Alderdietako buruzagiei dagokionez, herritarren azterketa gainditu duen bakarra Pablo Iglesias izan da (5,6). Iñigo Urkullu lehendakaria puntu batera geratu da (4,6), eta ondoren Arnaldo Otegi (4), Pedro Sanchez (3,1), Rosa Diez (2,6) eta Mariano Rajoy (0,9) agertzen dira.
Nabarmentasun portzentaje txikiagoa lortu duten buruzagi politikoei dagokienez, Hasier Arraiz izan da nota onena lortu dueña (4,9). Horren atzetik, Andoni Ortuzar (4,3), Cayo Lara (4,1), Idoia Mendia (3,4), Gorka Maneiro (2,1) eta Arantza Quiroga (4).