Politika -
ETA-REN ARMAGABETZEA
PSE: 'Jaurlaritzak protagonismoa lortu nahi du armagabetzearekin'
Jose Antonio Pastorren hitzetan, “agerian geratu da Eusko Jaurlaritzaren argazkiak eta protagonismoa bilatzeko nahia eta horrek, tamalez, ETAren existentzia luzatzea ekarriko du”.
Erredakzioa
PSEk uste du Eusko Jaularitzak “protagonismoa” bilatzen duela ETAren armagabetzerako plana aurkeztuta. Areago, plan horrek erakunde armatuaren betirako desagertzea “oztopatu eta urrundu” egiten duela azpimarratu du.
Jose Antonio Pastor PSEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak ohar baten bidez zabaldu duenez, “Urkullu eta Fernandez bikoteak presaka aurkeztu dute armagabetzerako euskal bidea deitutakoa eta horrek ez du ETAren desegitean lagunduko”.
“Disimulurik gabe argazkiak eta protagonismoa bilatu nahian dabiltza, baina okerrena da ETAri bere existentzia luzatzeko aukera ematen ari direla”, erantsi du.
“Argi eta garbi hitz egin behar da gai honetan: ETAren desegitea ahalik eta azkarren gauzatzea exijitzen dugu, eta beste guztiak ez du baliorik”, nabarmendu du.
Pastorrek uste du armagabetzea baino, ETAren desegitea dela garrantzitsuena. “Inor ez hiltzeko erabakia atzeraezina bada, ez dugu ulertzen jendeari interesatzen ez zaizkion gauzetan horrenbeste nahastea”, gaineratu du.
“Armak entregatu nahi badute, oso erraz daukate: eman diezazkietela koordenadak BBCri, Vatikanoari, CNNri edo nahi dutenari armak non dituzten esanez”.
Amaitzeko, Pastorrek joan den astean Iñigo Urkullu lehendakariak esandako hitzak ekarri ditu gogora: “ETArengandik ezer espero ez duela esan bazuen, ez dezala orain denborarik galdu ezertarako balioko ez duten armagabetzerako euskal batzordeak sortzen”, kritikatu du.