Politika -
Kataluniako Auzitegi Nagusia
Mas ikertuko dute ustez Konstituzionalari desobedientzia egiteagatik
A9ko ustezko erantzukizunengatik aurkeztutako zazpi kereila eta 25 salaketa onartu ala ez erabakitzeko lau ordu baino gehiago bilduta eman dituzte Kataluniako Auzitegi Nagusiko sei magistratuek.
Erredakzioa
A9an ustez Auzitegi Konstituzionalari desobedientzia egiteagatik Artur Mas Kataluniako presidentea, Joana Ortega presidenteordea eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilaria ikertzea erabaki du gaur Kataluniako Auzitegi Nagusiko osoko bilkurak.
2014ko azaroaren 4an independentziaren inguruko kontsulta alternatiboa baliogabe utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Galdeketa egin eta kereilak aurkeztu zituzten, horien artean, Fiskaltzak. Kataluniako Auzitegi Nagusiko magistratuek onartzea erabaki dute osoko bilkuran.
Onartutako salaketa guztiak prozedura bakarrean eta zaharrenean bilduko ditu orain Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Kereila hura Manos Limpias sindikatuak aurkeztu zuen ustezko desobedientziagatik. Hala ere, ?zuzenean edo zeharka harremana edo lotura duten gertakari guztiak? ikertuko dituela jakitera eman du Auzitegiak.
Zazpi kereila eta 25 salaketa
Ezohiko bilkura batean, A9ko ustezko erantzukizun penalengatik aurkeztutako zazpi kereila eta 25 salaketa onartu ala ez erabakitzeko lau ordu baino gehiago bilduta eman dituzte gaur Kataluniako Auzitegi Nagusiko sei magistratuek.
Salaketa guzti horietatik Mas, Ortega eta Rigauren ustezko desobedientziarekin lotutakoak ikertzea erabaki du Auzitegiak. Ondorioz, azaroaren 4a baino lehen aurkeztutako guztiak arbuiatu dituzte epaileek.
Horrela, Nuria Gispert Kataluniako Parlamentuko presidentea, Anna Simo (ERC), Lluis Corominas (CDC), Josep Rull (CDC) eta David Companyon (ICV) Mahaiko kideen aurkako salaketak eta kereilak errefusatzea erabaki du Auzitegiak, baita Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramailearen, Ramon Espadaler Barne kontseilariaren eta Oriol Junqueras ERCko buruzagiaren kontrakoak ere.
Erregu helegitea
Kereilak onartzeko erabakiaren aurka erregu errekurtsoa aurkezteko aukera dute aldeek Auzitegiaren aurrean. Erabakia urtarrilaren 8a baino lehen argudiatuko du epaitegiak. Esan bezala, ikerketa prozedura bakarrean biltzea erabaki dute sei magistratuek.
Auzitegi Konstituzionalari A9an ustez egindako desobedientzia ikertu behar du Auzitegiak, baina beste delitu batzuk barneratzeko aukera zabalik utzi du. Besteak beste, Kataluniako Fiskaltzaren kereilak planteatutakoak esaterako: prebarikazioa, diru publikoak bidegabe erabiltzea eta eskumen judizialak usurpatzea.