Politika -

ETAren armagabetzea

Egiaztatzaileek diote ETAk armagabetze prozesuari eusten diola

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ohar bat kaleratu du eta baieztatu du ETAren txostenak jaso dituela, armak erabili ezinik uzteko eta zigilatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen duela esanez.

Egiaztatzaileek diote ETAk desarmearekin jarraitzen duela

1:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk armak zigilatzeko prozesuarekin aurrera jarraitzen du, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak ohar batean berri eman duenez. Are gehiago, egiaztatzaileek baieztatu dute ETAren txostenak jaso dituztela armagabetzearekin jarraitzen dutela esanez, hau da, armak zigilatzeko eta armak, munizioa eta lehergaiak erabili ezinik uzteko.

ETAk 2014ko martxoaren 1ean publiko egin zuen konpromisoa berretsi du Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordearen aurrean. Martxoaren 1eko oharrean, ETAk armategiak zigilatzeko eta horien inbentarioa egiteko asmoa berretsi zuen. Gainera, armagabetzea azkeneraino eramateko asmoa azaldu du.

Oharrean, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak 2011ko irailaren 28an eratu zenetik egindako ibilbidea errepasatu du. ETAren "su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria" egiaztatzeko sortu zen, eta, 2011ko urriaren 20an, ETAk jarduera armatua behin-betiko amaitu zuela iragarri zuen.

Eratu zenetik, "Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak egiaztatu du ETAk era guztietako hilketak, atentatuak, mehatxuak eta estortsioak eteteko hartutako konpromisoa bete duela". Tarte horretan, egiaztatzaileek "ondoz-ondo lan egin dute Euskal Herriko aktore politikoekin eta sozialekin" eta, horregatik, "laguntza eta babesa" eskertu die.

Egiaztatzaileek Euskal Herrira egin dituzten bisitetan, Euskal Herrian emandako pauso positiboak behatu dituzte eta, gaurko oharrean, irrika azaldu dute indarkeriaren amaiera sendotzeko ahaleginak areagotzeko.

Oharrean irakur daitekeenez, egiaztatzaileek ETAren txostenak jaso dituzte "armak zigilatzeko prozesuarekin eta armak, munizioak eta lehergaiak erabili ezinik uzteko" prozesuarekin jarraitzen duela esanez.

"Beste prozesuetan daukagun esperientzia kontuan hartuta, armen inbentarioa egitea eta armak, munizioa eta lehergaiak erabili ezinik uztea, erabateko armagabetzea lortzeko aurreko pausoa da", esan dute egiaztatzaileek. Are gehiago, iragarri dute prozesuan garrantzitsuak diren aktoreekin lanean jarraituko dutela, armagabetze prozesua lehenbailehen gauzatzeko. Egiaztatzaileak itxaropentsu agertu dira eta Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin lor daitekeela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA