Politika -

Auzitegi Gorena

Gobernuaren esku-hartzeen aurrean jarduteko eskaria, Goreneko epaileek

Presoen kaleratzeen ondotik, Gobernuko hainbat kidek egindako adierazpenei mugak jartzea eskatu dute Auzitegi Goreneko Zigor aretoko 13 epailek.

Auzitegi Gorena. Artxiboko irudia: EFE
Auzitegi Gorena. Artxiboko irudia: EFE
Auzitegi Gorena. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Goreneko Zigor arloko aretoa osatzen duten 18 epaileetatik 13k, emerituak barne, eskutitza bidali diote Carlos Lemes Auzitegi Goreneko presidente eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteari, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren "esku-hartzeen" harira, Mariano Rajoy Espainiako Gobernu presidentearekin hitz egin dezan eskatzeko.

Espainiako Barne ministroak ETAko preso batzuen askapena "tamalgarritzat" jo zuen eta kasu batzuetan prebarikazioa egon zitekeela iradoki zuen.

Eskutitz horretan, epaileek azaldu dute adierazpen horiek erakundeenganako konfiantza eza eta Botere Judizialarekiko errespetu falta erakusten dutela. Hori dela eta, Rajoyri gisa horretako adierazpenei mugak jartzeko eska diezaiola esan diote.

Epaileek, Gobernuko kide baten jarrera horri inolako kalifikaziorik jarri nahi izan ez badiote ere, adierazpen horiek eurengan sortu duen "ezinegona" helarazi die Lesmesi.

Halaber, adierazpen horiek egokiak ez direla eta auzitegi horri zor zaion errespetua adierazten ez diola uste badu, Espainiako Gobernuari jakinarazteko eskatu diote, eta salatutako adierazpenen gisakoei mugak jarriko zaizkienaren konpromisoa lortzeko.

Idatziarekin bat egin ez duten Auzitegi Goreneko Zigor arloko aretoko epaileak hauek dira: Manuel Marchena presidentea, eta Julian Sanchez Melgar, Antonio del Moral, Andres Martinez Arrieta eta Carlos Granados magistratuak.

Fernandez Diazek: "Errespetatu egiten dut botere banaketa"

Goreneko epaileei erantzunda, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak ukatu egin du bere sailak edo Espainiako Gobernuak epaileei presio egin izana, eta botere banaketa "errespetatu" egiten duela adierazi du.

Torres Dulceren dimisioaren inguruan, bat egin du Mariano Rajoy presidentearen hitzekin, eta errefusatu egin du Exekutiboaren eta Fiskaltzaren artean desadostasunak izan direla.

Horren ildotik, Torres Dulcek "arrazoi pertsonalak" aipatu dituela gogora ekarri du. "Nik sinetsi egiten dut", gaineratu du.

Catala, Diazen alde

Bestalde, Rafael Catala Justizia ministroaren esanetan, Fernandez Diazek "errespetu osoz" egin zituen kritikak.

Halaber, Espainiako Gobernuko kideek ere adierazpen askatasuna dutela aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Gorena argazkiak