Politika -

Elkarrizketa

Jonan Fernandezek zigorrak pilatzeko araudia aplikatzeko eskatu du

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariaren arabera, Espainiako Estatuak "legedia aldatu behar du Europako zuzentarauarekin". Bestalde, bat egin du Ortuzarrek ezker abertzaleari egindako kritikekin.

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaria. Argazkia: EiTB
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza idazkaria.
Fernandez: 'Estatu espainiarraren osasun demokratikoa jokoan dago'

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariaren ustez, "Espainiako Estatuaren prestigioa eta demokraziaren osasuna daude jokoan" ETAko presoek Espainiako Estatutik kanpo bete dituzten zigorrak Espainiako Estatuan pilatzeari dagokionez.

Auzitegi Gorenak osoko bilkura deitu du biharko Europar Batasuneko zuzentarauaren aplikazioari dagokionez irizpide bateratua adosteko, 50 presok eskatu baitute dagoeneko Frantziako Estatuan betetako zigorra kontuan hartzeko.

Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak Radio Euskadin azaldu duenez, "Europako zuzentarau baten arabera, preso bat zigorra Europar Batasuneko herrialde batean betetzen ari bada, Espainian betetzeko aukera du, eta, delituek zerikusia badute, EBko herrialde batean betetako zigorra jaioterrian ezarritakoarekin pilatu dezake".

Horren harira, Espainiako Estatuak "legedia zuzentarauaren arabera moldatu" behar duela esan du. "Bien bitartean, Auzitegi Gorenak duela aste batzuk interpretazio eta aplikazio bat ezarri zuen, eta Urrusoloren kasuan aplikatu zuen. Beraz, erabakia dagoeneko hartuta dago, eta ez du edozein auzitegik hartu, Auzitegi Gorenak baizik", gaineratu du.

Ortuzarren hitzak

Bestalde, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak bat egin du Andoni Ortuzar EAJko presidenteak ezker abertzaleko kide batzuei, batzoki baten kontra pintadak egin zituztenei, "fatxa" deitu izanarekin, agerian geratu baitzen "ez dutela desberdin pentsatzen dutenekiko errespeturik".

Fernandezen esanetan, EAJren Galdakaoko batzokiaren kontrako erasoen atzean "pentsaera inposatzailea" dago, eta hori nabarmendu zuen Ortuzarrek.

Bake lantaldea

Bake lantaldeari dagokionez, "familia politiko handiak" azkenean elkarrekin eseriko direla azpimarratu du, "euskal gizarteak horixe eskatzen duelako".

Horren harira, Sortuk ETAren indarkeriari buruzko gogoeta egin beharra duela iritzi dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak