Politika -

Eusko Legebiltzarra

'Etorkinen kontrako kanpaina' sustatzea egotzi dio PSEk Aburtori

Aburtok, bestalde, etorkizuneko zerbitzu sozialen finantzaketa eta ‘’zabaldutako diru-laguntzetako iruzurren susmoak’’ lotzea leporatu die sozialistei.

Aburtok Elkarrizketaren Mahaia eta gizarte laguntzak defendatu ditu

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diru sarrerak bermatzeko errentaren harian, datu ''partzial, ez oso eta alderdikoiak’’ ematea egotzi dio ostiral honetan Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte gaietako sailburuari. Pastorren hitzetan, datu horiek laguntza ematen diote Javier Maroto (PP) Gasteizko alkateari ''etorkinen aurka abiatutako kanpainarekin jarraitzeko''. Eusko Legebiltzarrean ostiral honetan egin duten kontrol saioan egin ditu adierazpenak Pastorrek, Aburtori zuzendutako galdera batean. Bere erantzunean, etorkizuneko zerbitzu sozialen finantzaketa, ''diru-laguntzetako iruzurren inguruan zabaldutako susmoekin'' lotzea leporatu die Aburtok sozialistei.

Bere galderan, Pastorrek ''kezka'' agertu du Jaurlaritzako Enplegu Sailak emandako datuen inguruan, eta baita ‘’igorritako mezuen nahasketa’’ dela-eta. Hala, Pastorrek Aburtori egotzi dio Gasteizko alkatearen eskutik joatea, Marotori datu ''partzial, ez oso eta alderdikoiak eman'' eta, horrekin, ''etorkinen aurkako kanpainan lagunduta''.

"Ez dugu uste gaitasun ezagatik denik, ezta baldartasunagatik ere; neurtutako anbiguotasunagatik baino’’, esan du Pastorrek. PSE-EEko ordezkariaren ustez, herritarrek nolabait engainatzen ari da sailburua.

''Harrituta''

''Zur eta lur utzi nauzu, harrituta’’, erantzun dio Aburtok Pastorri, eta azpimarratu egin du ez dituztela herritarrak inoiz engainatu. Hala, sailburuak gaitzetsi egin ditu sozialisten kritikak. ''Guk inoiz ez ditugu lotu etorkizuneko zerbitzu sozialen finantzaketa eta diru-laguntzetako iruzurren inguruan zabaldutako ideiak. Zuek bai’’, erantzun du sailburuak. Halaber, Aburtok azpimarratu egin du diru-sarrerak bermatzeko errenta defendatzen jarraituko dutela, ''bazterketa arriskuan dauden pertsonen integrazio instrumentu gisa''. ''Bide horretan sozialistak alboan izan nahiko genituzke'', gaineratu du.

Elkarrizketa sozialaren mahaia

Halaber, elkarrizketa sozialaren mahaiaren mahaia deitzen jarraituko duela adierazi du sailburuak eta esan du ELA eta LAB bertan egotea nahiko lukeela.

Aburtok  Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkidearen interpelazioari erantzun dio, ELAren eta LABen inguruan Confesbaskek kaleratutako ustezko agiriaren inguruan. Sailburuak azaldu duenez, gaia lehentasunez jorratu zuten elkarrizketa sozialaren mahaian, eta akordioa lortu zen. Horren arabera, bertan bildutakoek adierazi zuten ez zutela’’inolaz ere’’ bat egiten ‘’ohiko ekintzak’’ egiten ez dituzten sindikatuak erregistrotik kaleratzeko aukerarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea