Politika -

Eusko Legebiltzarra

Herri-harresiekin tentsioak sortzea egotzi dio Jaurlaritzak EH Bilduri

Herri-harresietan segurtasun falta dakarten tentsioak eragitea egotzi dio.  EH Bilduko ordezkariak, bestalde, Amezagaren atxiloketa azkartu duen ‘’intromisioa’’ leporatu dio Ertzaintzari.

beltran de heredia

Herri harresiekin tentsioak sortzea egotzi dio Jaurlaritzak EH Bilduri

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak EH Bilduri egotzi dio herritarren segurtasun falta dakarten tentsioak eragitea, indarkeria delituengatik atxilotze-aginduak dituzten pertsonen atxiloketak ekiditeko, besteak beste, 'herri-harresiak' babesten dituelako.

Beltran de Herediak hitz horiekin erantzun dio Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariari, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan Jone Amezagaren inguruan egindako galderaren harian.

Izan ere, Amezagaren atxiloketa azkartu duen 'intromisioa' leporatu dio Arzuagak Ertzaintzari. Orain bi urte Gernika-Lumon ETAren ikurra zeraman pankarta jartzeagatik kondenatu zuten Amezaga. Arzuagaren hitzetan, Ertzaintzak Auzitegi nazionalari igorritako txosten 'nazkagarri' batek azkartu egin du Amezaga atxilotzeko prozesua.

Sailburuak ez du adierazi nahi izan Amezagaren atxiloketa 'bidezkoa' den ala ez, baina esan du nahiago duela Ertzaintzak egitea horrela atxiloketak, Polizia Nazionalak edo Guardia Zibilak egitea baino.

'Ez dugu nahi Gernikan Ondarroako zubian gertatu zena errepikatzerik', adierazi du Beltran de Herediak, Urtza Alkorta atxilotzeko operazioan gertatutakoak gogora ekarrita.

Segurtasun sailburuak kritikatu egin du EH Bilduren jarrera horrelako ekintzetan. 'Zuek, beste behin, herritarren segurtasun falta dakarten tentsioak eragin nahi dituzue', esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak EH Bildu