Politika -

Aurrekontuak 2015

EAJk osoko zuzenketa aurkeztuko die Arabako aurrekontuei

EH Bilduk eta PSE-EEk ere jada iragarri dute zuzenketak aurkeztuko dituztela. Babesik gabe, Aldundiak aurrekontuen proiektua erretiratzea jorratuko du astearte honetako Gobernu kontseiluan.

Ramiro Gonzalez, EAJ
Ramiro Gonzalez, EAJ
Ramiro Gonzalez, EAJ

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiaren 2015eko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko diela jakinarazi du gaur EAJk. Javier de Andres ahaldun nagusi popularrari "koldarra" ez izateko eta "aurrekontuak ez erretiratzeko" eskatu diote jeltzaleek.

Ramiro Gonzalez Arabako Batzar Nagusietan EAJren eledunak eman du osoko zuzenketaren berri. Arabako Aldundiari aurrekontu proposamena itzultzeko eskatu dio. De Andresek aurrekontuak erretiratzea erabakiko balu, eztabaidarako beldur delako dela esan Gonzalezek.

EH Bilduk eta PSE-EEk ere jada iragarri dute zuzenketak aurkeztuko dituztela. EAJk joan den ostiralean jakinarazi zuen PPrekin aurrekontuak adosteko hasitako negoziazioek ez zutela emaitzarik eman eta ezinezkoa izango zela iazko adostasunera heltzea.

Langabeziari aurre egin eta ekonomia martxan jartzeko aurreikusitako neurriak eskasak direlako eta maiatzeko hauteskundeen ondoren eratuko den gobernu berriari 200 milioi euroko maileguak uzten dizkiolako erabaki du EAJ, besteak beste, popularren aurrekontuak ez babestea.

Gonzalezen hitzetan, ezinezkoa izan da PPrekin akordioa erdiestea. Ekonomia alorrean ez ezik, beste gaietan ere ezadostasunak handiak izan direla nabarmendu du. 2014ko aurrekontuetan adostutako hainbat neurri popularrek ez dituztela bete salatu du bozeramaile jeltzaleak. Horrek konfiantza eza sortzen duela gaineratu du.

"De Andresek jakin badaki ez duela agintean jarraituko, eta horren aurrean, hurrengo gobernu berria baldintzatu nahi du. EAJk ez du hori onartuko. Alderdi Popularrak ez du ez ideiarik ez proiekturik. Agortuta dago", esan du.

Aurrekontuen proiektua erretiratzea

Oposizioko alderdiren batetik akordioa lortzeko ezintasunen aurrean, Arabako Foru Aldundiak astearte honetako Gobernu kontseilura eramango du aurrekontuen proiektua erretiratzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba