Politika -
Madril
Kongresuak Konstituzioaren 36 urteko ibilbidea ospatu du
Rajoyk adierazi duenez, soilik oso aldaketa zehatzak onartuko lituzke, 2011an egindakoa bezalakoa. Posadaren esanetan, halaber, Konstituzioa erreforma liteke, baina zuhurtziarako deia egin du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak berretsi egin du Konstituzioaren erreforma ez dela lehentasun, eta PSOEri gain honen inguruan arinkeriaz ez jokatzea eskatu eta gero, zehaztu du soilik oso aldaketa zehatzak onartuko lituzkeela, esate baterako, 2011an egin bezala.
Horiexek izan dira Rajoyren adierazpenak hedabideen aurrean, Kongresuak Konstituzioaren 36. urteurrena dela eta egindako ekitaldian, eta, ohartarazi duenez, inork ez dezala berarekin kontatu erreformaren helburua Espainiaren batasunaren kontra egitea baldin bada.
Gobernuburuak zehaztu duenez, Konstituzioa alda liteke eta, izan ere, bitan aldatu izan dute, baina arinkeriaz ez jokatzeko deia egin du. Gainera, PSOEri bere hitza ez betetzea aurpegiratu dio, 2011an adostutako erreforma aldatu nahi duelako.
Bestalde, Jesus Posada Kongresuko presidentearen esanetan, Konstituzioak “indarrean jarraitzen du”, baina onartu egin du “erreforma litekeela”, beti ere “zuhurtziaz” egiten bada, “partekatutako helburua” ezaguna bada eta “desadostasunak” baino, “adostasunak” batzen baldin baditu.
Gainera, azpimarratu duenez, “batasuna eta aniztasuna elkartzen” dituzten egungo esparru konstituzionala eta lurralde antolamendua Espainiaren historiako arrakasta kolektiborik handienaren “motorra” dira, “aurrekaririk gabeko egonkortasun, suspertze eta askatasun aroaren” eragile, alegia.
Ez dira hauteskundeak aurreratuko
Mariano Rajoyk, halaber, ziurtatu du ez dituela datorren urteko amaieran egitekoak diren hauteskunde orokorrak aurreratuko, eta bera hautagai zerrendako buru izango dela, PPk hala nahi izatekotan.
Rajoyren hitzetan, 2015erako bere lehentasunak egoera ekonomiko eta sozialean, ustelkeriaren kontrako borrokan eta Gobernuak Artur Mas Kataluniako presidenteari prozesu kataluniarra dela eta emango dion erantzunean izango dira.
Sanchezek jarraituko du
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak ziurtatu duenaren arabera, nahiz eta Gobernuak ezetz esan dion Konstituzioa aldatzeko berak egindako proposamenari, jarraituko du Mariano Rajoy “konbentzitzen” saiatzen Konstituzioa “defendatzeko modurik onena berritzea“ dela.
“Uste dut garrantzitsua dela adieraztea Konstituzioa babesteko modurik onena XXI. mendeko esparrura egokitzea, berritzea eta eguneratzea dela”, esan du. Gainera, ziur agertu da proposamen horrekin bat datorrela “Konstituzioa aldatzearen alde dauden espainiarrekin”.
Egon ez direnak
Urtero legez, CiU, EAJ, BNG, ERC eta Amaiur alderdiek ez dute bat egin Konstituzioaren alde egin ohi diren ekitaldiekin, ez baitute babesten eta uste dutelako zaharkituta dagoela.