Politika -
Autogobernua
Gernikako Estatutuan aldaketak egitea defendatu du Mendiak
Euskadiko Estatutua moldatu ez den bakarra dela onartu du Mendiak eta “autogobernuan sakontzeko eta autogobernua hobetzeko” aldaketa egitearen alde agertu da.
Erredakzioa
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak autogobernuan sakondu ahal izateko beharrezkotzat jo du Gernikako Estatutuan aldaketak egitea. Aldaketa horiek alderdi sozialistak proposatzen duen konstituzioaren erreformarekin “bat etorri” behar direla ere nabarmendu du Mendiak.
EFE agentziari elkarrizketa eskaini dio Idoia Mendiak. Horretan, Pedro Sanchezek defendatzen duen, eta PPk atzera bota duen, konstituzioaren erreformaren baliozkotasuna defendatu du.
“Autonomien Estatutua autonomia federalaren erdibidean geratu da, eskumenen blindajea bezalako arazoei aurre egiteko erremintarik ez baitu”, esan du. Mendiaren aburuz, “Senatuak autonomia gobernuen ordezkari-ganbera izan beharko luke”.
Konstituzioaren erreformaren beharra nabarmendu du PSE-EEko idazkari nagusiak, “autonomiei eragiten dieten arazoak ez baitira adabakiekin konpontzen”.
Euskadiko Estatutua moldatu ez den bakarra dela onartu du Mendiak eta “autogobernuan sakontzeko eta autogobernua hobetzeko” aldaketa egitearen alde agertu da. “Beti ere, PSOEk bultzatzen duen bidean”, zehaztu du.
Bake eta bizikidetza ere hizpide izan ditu elkarrizketan PSE-EEko idazkari nagusiak, eta baikor agertu da. “Ahots ezkorrak ego arren, nire iritziz, apurka apurka aurrerantz goaz”, esan du.
Frantzian zigorrak bete dituzten ETAko presoen inguruan eta espetxe-zigorren pilaketen inguruan sortu den polemikari buruz ere aritu da. “Epaileen arteko gaia da, baina zalantzak daude horren inguruan Gobernuak bultzatu duen lege moldaketa dela eta”, azpimarratu du.
Pedro Sanchez Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Andoni Ortuzar EAJko presidentearekin bilera egin nahian ari dela esan du Mendiak, eta Podemos alderdiak udal hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia “ulergaitza” dela adierazi du.