Politika -
Konstituzioaren eguna
Konstituzioak euskal alderdiak aurrez aurre jarri ditu berriro ere
EAJk erreforma babestuko luke, euskal afera jasotzen badu; PSEk Rajoy kritikatu du; EH Bilduren arabera “berandu eta oker” etorri da; PPren ustean, EAJk eta EH Bilduk “hautsi” nahi dute.
Erredakzioa
EAJk baieztatu egin du ez duela Konstituzioaren erreformaren kontra egingo, baina horrek euskal eta kataluniar errealitateak jasoko beharko ditu, eta EH Bilduren arabera, PSOEk Konstituzioa erreformatzeko egindako proposamena “berandu eta oker” etorri da.
Bestalde, PSE-EEk tamalgarritzat jo du Mariano Rajoy Gobernu espainiarreko presidenteak proposamenari “atea itxi” izana, “osasun arazoak” dituenean.
Halaber, PPk uste du Pedro Sanchezek proposamena aurkezteko moduak argi utzi duela horren “maila politiko txikia”.
Alderdiek Pedro Sanchezek Konstituzioa aldatzeko proposamena, Azpibatzorde bat sortuz, eta Konstituzioaren Eguna izan dute mintzagai.
Joseba Egibar EAJren legebiltzarkidearen esanetan, soilik ezagutzen dute PSOEren proposamenaren “bilgarria” eta hiritarren “berdintasuna” eta “berezitasuna” aipatzen badute ere, “ez dute guk nahi genuke eredua marraztu”.
Horren haritik, Egibarren ustean, eta Pedro Sanchezek EAJren ordezkariekin izandako bileretatik ezagutu ahal izan dutenez, jarrera ez da “itxia”, baina “ez da zehatza”.
Beste alde batetik, Dani Maeztu EH Bilduren legebilrzarkidearen arabera, proposamena “berandu eta oker” etorri da, eta uste du Katalunian eta Euskadin sortutako eztabaidak “hartzeko” saiakera dela, baina “tren hori igaro da eta PSOEk ez du hartu nahi izan”.
Honen ostean, Maeztuk baieztatu egin du ez dela ulertzen ez Katalunian ez Euskadin orain “ustezko keinu” hori egitea, eredu federal bat onartzeko.
Bestetik, Jose Antonio Pastor PSE-EEren kideak adierazi duenez, PSOEk "Konstituzioa erreformatzeko proposamen bikaina” egin nahi du, erkidegoen eskumenak ”babestuz”, erkidego batzuen berezitasun historikoak errespetatuz eta Konstituzioaren beste alde batzuk ere “defendatuz”, esate baterako, eskubide sozialak, berdintasun politikak, osasun publikoa eta pentsioak.
Pastorrek, gainera, azpimarratu du bere proposamena “irekia” dela eta Rajoyk “telefono bidez atea itxi izana akats handia” dela uste du.
Azkenik, Borja Semper PPren legebiltzarkidearen hitzetan, EAJk eta EH Bilduk ez dute Konstituzioa erreformatu nahi, baizik eta “hautsi” eta “Espainiatik atera” nahi dute.
Semperrek “ezinbesteko” tresna hori (Konstituzioa) goraipatu du eta, gaineratu duenez, “begiratu besterik ez dago non zegoen Espainia edo Euskadi duela 36 urte”, zeintzuk erakunde genituen, “eskubide maila zein zen, eta zein den gaur egungoa”.