Politika -
2015eko aurrekontua
EAJk bertan behera utzi du Gipuzkoako aurrekontuen negoziazioa
Markel Olanok azaldu duenez, ekonomia sustatzeko eta krisiari aurre egiteko "eredu kontrajarriak" dituztelako hartu dute erabakia.
Erredakzioa
Markel Olano EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile eta ahaldun nagusigaiak iragarri duenez, "erabat" eten dute Gipuzkoako 2015eko aurrekontuen negoziazioa EH Bildurekin, jeltzaleek eta koalizioak ekonomia sustatzeko eta krisiari aurre egiteko "eredu kontrajarriak" dituztelako.
Olanok Eider Mendoza eta Imanol Lasa kideekin batera Donostian emandako prentsaurreko batean iragarri duenez, gaur Aldundiko ordezkariekin izandako bileraren ostean, "amaitu egin da negoziazio prozesua".
Hori horrela, jeltzaleek osoko zuzenketari eutsiko diote eta ekonomia sustatzeko Aldundiak aurkeztu duen estrategia ere bertan behera geratzeko eskatuko dute, asteazkenean egingo duten eztabaidan.
Olanok azpimarratu du EH Bilduk eta EAJk "eredu kontrajarriak" dituztela ekonomia sustatzeko eta krisiari aurre egiteko garaian, eta horregatik altxatu direla negoziazio mahaitik. Horren harira, EAJrentzat "lehentasuna" ekonomia, lanpostuak eta industria direla adierazi du, industrian ikusten dutelako "egoera honetatik ateratzeko" giltza.
Olanok salatu duenez, ordea, EH Bilduk "ez du ikuspegi hori" eta, gainera, industriaren ikuspegi "baztertzailea" du eta ez du enpresa handietan "solaskiderik".
Bozeramaile jeltzaleak salatu du Aldundiak "bere jarreran irmo" jarraitzen duela eta ez dituela "printzipioak aldatzen”"; ondorioz, "oinarrizko estrategian" adostasunik ez dutela ikusita, bi aldeak "ados" jarri omen dira beste bilerarik ez egiteko.