Politika -
Kartzela politika
Espainiako Gobernuak 'ez du ulertzen' ETAko presoak libre geratu izana
Santi Arrospide eta Alberto Plazaola kalean izatearen kontra agertu da, eta Fiskaltzak Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko hartu duen erabakia babestu du.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak "ez du ulertzen" Auzitegi Nazionalak, Europar Batasunaren araudian oinarrituta, ETAko preso batzuk libre uzteko hartu duen erabakia. Horren kontra agertu da, eta Fiskaltzak Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko hartu duen erabakia babestu du.
Horixe adierazi du Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuaren presidenteordeak Ministroen Kontseiluaren bileraren ostean, Santiago Arrospide Sarasola Santi Potros eta Alberto Plazaola ETAko presoak aske uzteko erabakiaren inguruan galdetu diotenean.
Auzitegi Nazionalaren barruan ere desadostasunak daudela gogorarazi du Sanez de Santamariak; izan ere, presoak libre uzteko erabakia lehenengo sekzioak hartu zuen, Fiskaltzaren eta bigarren sekzioko epaileen irizpidearen kontra.
Bestalde, Espainiako Gobernuak babesa helarazi die erabakiak mindutako herritarrei eta biktima elkarteei.