Politika -

Katalunia

A9ari buruzko kereila guztiak auzi batean biltzea eskatu du Fiskaltzak

Kataluniako fiskal nagusiak Artur Masen eta Generalitateko beste kide batzuren kontrako hogei kereila baino gehiago jaso ditu azaroaren 9ko parte-hartze prozesuaren harira.

Artur Mas Generalitateko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Artur Mas Generalitateko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Artur Mas Generalitateko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak azaroaren 9ko parte hartze prozesuaren harira, Artur Masen eta Generalitateko presidentearen kontra jaso dituen kereila guztiak auzi batean biltzeko eskatu dio Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari.

Idatzi batean, azaroaren 9ko parte hartze prozesuaren erantzukizun penalen harira, auzi bakarra egiteko eskatu dio ministerio publikoari. Hala ere, Fiskaltzak ez du zehaztu bere kereilak aurkeztu diren salaketa guztiak bildu behar dituen ala ez; horietako batzuk Fiskaltzarena baino lehenagokoak dira.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Kataluniako Fiskaltza Nagusiari galdetu zion ea salaketa eta kereila horiek (guztira, 23) batzearen aldekoa zen ala ez, salatutako delituen artean dagoen "lotura" dela eta.

Ministerio Publikoak bere idatzian azaldu duenez, Prozedura Kriminalaren Legeak elkarrekin lotura duten delituak prozesu batean bildu behar direla jasotzen du, errepikapenak saihesteko. Fiskaltzaren iritziz, lege horrek "azaroaren 9ko ekitaldia gauzatzeko presidenteak egindako ekintza guztiak estaltzen ditu", hainbat kereilatan aipatzen diren delitu zehatzak albo batera utzita.

Ekitaldi zehatz horiek ez dute eragozten kereila guztiak auzi batean biltzea, "beti ere azaroaren 9ko bozketarekin zuzenean edo zeharka lotuta badaude", Fiskaltzaren arabera.

"Azkenean identitate objetktiboa da, helburuarekin lotuta dagoena, eta prozesu bakarra aurrera eramatea eskatzen du", adierazi du Ministerio Publikoak bere idatzian.

Estatuko Fiskaltza Nagusiak Artur Mas, Joana Ortega presidenteordearen eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren kontra azaroaren 21ean kereila aurkeztu zuen eta geroztik egoera ez atzera ez aurrera zegoen. Estatuko Fiskaltzak lau delitu egotzi zizkien: desobeditzea, prebarikatzea, diru publikoa bidegabe erabiltzea eta funtzio publikoak usurpatzea. Gaur, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak aurkeztutako idatziaren ondotik, korapiloa askatu egin da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma