Politika -
Gasteizko Justizia Jauregia
De Andresen aurkako kereila aurkeztu du SOS Arrazakeriak
Bestalde, abenduaren 10era arteko epea eman dio SOS Arrazakeriak Marotori egindako akusazioak zuzentzeko. Atzera egiten ez baldin badu salaketa aurkeztuko dutela ohartarazi du elkarteak.
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren aurka kereila aurkeztu du SOS Arrazakeriak. Kolektiboa diru-kutxa publikoen ?arpilatzearen eredua? zela esan zuen De Andresek, eta irain larriak direla uste du elkarteak.
Bestalde, abenduaren 10era arteko epea eman dio Fede Garcia SOS Arrazakeriaren Arabako bozeramaileak Javier Maroto Gasteizko alkateari egindako akusazioak zuzentzeko. Atzera egiten ez baldin badu salaketa aurkeztuko dutela ohartarazi du elkarteak. Diru-laguntza sozialekin iruzurra egitea leporatu zion Marotok kolektiboari.
Etorkinei laguntzeko kolektiboa ?laguntza sozialen arpilatzearen eredua? zela salatu zuen De Andresek. Arabako ahaldun nagusiaren hitzetan, SOS Arrazakeriak 1.252 etorkin erroldan sartu zituen. Garciaren ahotan, egindako guztia legezkoa da.
Gorrotoa zirikatzea
SOS Arrazakeriak Maroto salatu zuen gorrotoa zirikatzeagatik eta atzerritarren eskubideen aurkako delitu batengatik; izan ere, Gasteizen bizi diren magrebtar asko lan egin gabe diru-laguntzez bizi zirela adierazi zuen Arabako hiriburuaren alkateak.
Horregatik, EAEko fiskal nagusiaren aurrean deklaratu behar izan zuen Marotok azaroaren 13an. Hala ere, azken asteetan Gasteizko alkateak ?akusazioak areagotu? dituela uste du SOS Arrazakeriak.
Horrela, adierazpenak zuzentzeko abenduaren 10era arteko epea eman dio Garciak. Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna baino lehen atzera egiten ez baldin badu, salaketa aurkeztuko dutela iragarri du bozeramaileak.