Politika -
Kataluniako Prozesua
Fiskaltzak jaso du CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUPen aitortza
Alderdien bozeramaleek Kataluniako “Gobernuko kideei - A9a dela eta- egotzitako delituen erantzule eta egileak” direla onartu dute.
Erredakzioa
Estatuko Fiskaltza Nagusiak jaso du dagoeneko CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdien bozeramaleek, A9 dela eta, egindako aitortza, Eduardo Torres-Dulce fiskal nagusiari azaroaren 20 bidalitako gutunean.
“Estatuko Fiskaltza Nagusiak jaso du idazkia eta Kataluniako Fiskaltzari igorriko dio, bereak baitira eskumenak, jakinaren gainean egon dadin”, erantzunean jaso dutenaren arabera.
Lau bozeramaleek eskutitz bat bidali zioten Torres-Dulceri, eta bertan parte-hartze prozesua antolatzeak ekar ditzakeen erantzukizunak bere gain hartzen zituztela adierazi zuten. Gutunean Kataluniako “Gobernuko kideei - A9a dela eta- egotzitako delituen erantzule eta egileak” direla onartu zuten.
Masek atzerriko zazpi hedabideetan zabaldu du plana
Artur Mas Generalitateko presidenteak A9aren balantzea egin eta datozen hilabeteetako bide orria azaldu du atzerriko zazpi hedabideetan argitaratutako artikulu batean. Mazedonia, Lituania, Luxenburgo, Portugal, Estonia, Irlanda eta Suitza herrialdeetan plazaratu dute artikulua.
Kataluniako Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez, Masek, artikuluetan, A9ko prozesua “arrakastatsua” zela adierazi du, parte hartzearen ikuspuntutik; gainera, Estatuaren jarrera salatu eta “behin betiko” kontsulta egiteko asmoa berretsi du, nola Estatuarekin adostuta, hala plebiszitu-hauteskundeak deituta.
Artikuluetako batzuetan, orain astebete Forumeko Areto nagusian egindako hitzaldiaren zati bat aipatu du.
Honako hauek dira Masen artikulua jaso duten komunikabideak: Dnevnik (Mazedonia), Lzinios (Lituania), Luxemburger Wort (Luxenburgo), Publico (Portugal), Postimees (Estonia), The Irish Times (Irlanda) y Le Temps (Suitza).