Politika -
2015eko hauteskunde orokorrak
Cospedalek ukatu egin du PP-PSOE koalizioa egitea aztertzen ari direla
Izan ere, goizean esan du aukera hori planteatuko luketela hauteskundeetan gehiengo osorik lortzen ez badute.
Erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusiak goizean sortu dituen espektatibak murriztu ditu, eta gezurtatu egin du PSOErekin koalizio handia egitea pentsatzen ari direnik; izan ere, PPk ez omen du orain aukera hori planteatu ere egiten.
"Planteatu ere ez dugu egin hipotesi hori", adierazi du Cospedalek PPren Batzorde Nazionalaren bileraren ostean emandako prentsaurrekoan.
Horren aurretik, Telecincon egindako elkarrizketan, PPren buruzagiak esan du PPk koalizio handi hori planteatuko lukeela gehiengo osoa lortuko ez balu, agintzeko aukerak dituzten alderdiek "ados jarri" behar dutelako Estatu gaietan.
Prentsaurrekoan horren inguruan galdetu diotenean, ordea, De Cospedalek erantzun du "galdera zehatz" bati erantzuten ari zela, eta ez direla horren inguruan eztabaidatzen ari alderdiaren barruan, baizik eta oraindik planteatzen ez duten "hipotesi bat" dela.
Koalizio handia
Horren aurretik, goizeko elkarrizketan, 2015eko hauteskunde orokorretan gehiengo osoa lortuko ez balu PP PSOErekin koalizioa egiten saiatuko litzatekeela esan du Maria Dolores de Cospedalek.
Aipatu elkarrizketan, koalizio horren helburua ez litzatekeela "inor neutralizatzea" izango esan du Cospedalek, PP-PSOE akordioaren helburua Podemosen aurka egitea ote litzatekeen galdetu diotenean.
PPko agintariaren esanetan, gehiengo osorik izan ezean, "Gobernatzeko aukera duten alderdiek" elkarrekin ados jarri behar dute, "zalantzarik gabe, Estatu mailako gai nagusiei dagokienez".
Halaber, PP PSOErekin akordioak lortzeko prest dagoela gaineratu du. "Guk koalizio garrantzitsuak eskaini dizkiogu PSOEri, baina orain arte horrek ez du fruiturik eman", azaldu du.
PSOEk errefusatu egin du
Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkariak erabat errefusatu du De Cospedalek planteatutako ituna. "Ez, ez eta ez", erantzun du Luenak aukera horren inguruan galdetuta.
"Nik badakit nahi dutela; izan ere, PSOE bezalakoa izan nahi dute batzuek, eta beste batzuek PSOErekin itunak egin nahi dituzte", azpimarratu du Luenak. "PSOE puri-purian dagoen alderdia da, badakit; baina PSOEkoa ez zarenean, ez zara PSOEkoa, agerikoa da, eta eskuindarra zarenean ezin dituzu PSOErekin itunak egin", gaineratu du.