Politika -
Bilbon
Milaka lagunek gaixo dauden presoak aske geratzea eskatu dute
Manifestazioan parte hartu dutenek, halaber, PPren gobernuak eramaten duen kartzela-politika salatu dute; euren iritziz, "kriminala" da.
Erredakzioa
Milaka lagunek eskatu dute, larunbat honetan Bilbon, larri gaixo dauden presoak aske geratzea. 70 urte baino gehiago dituztenak ere aske geratzea galdegin dute eta, halaber, PPren gobernuak eramaten duen kartzela-politika salatu dute; euren iritziz, "kriminala" da.
'Giza eskubideak errespetatu, heriotza gehiagorik ez. Gaixo dauden presoak, etxean eta bizirik!' lemapean, presoei laguntzen dieten plataformek antolatutako ekitaldia EH Bildu osatzen duten alderdiek ere babestu dute.
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak, Rebeka Ubera Aralarren idazkari nagusiak eta Joseba Permach eta Niko Moreno Sorturen kideek, besteak beste, hartu dute parte manifestazioan.
Hogei bat lagunek ireki dute martxa, kartzelen antza zuten barroteak zeramatzala, eta hainbat aldiz entzun dira presoen etxerako bueltaren eta amnistiaren aldeko oihuak.
Julen Arzuagak larri gaixo dauden presoek pairatzen duten ankerkeria deitoratu du
Manifestazioaren hasieran, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak "euskal preso politikoei" eragiten dien kartzela-politika salatu du; Arzuagak larri gaixo dauden eta 70 urte baino gehiago duten presoek pairatzen duten ankerkeria deitoratu du.
“Edozein unetan, hau txarto amaitu ahal da. Eta neure buruari galdetzen diot hori ez ote den PP bilatzen ari dena”, esan du.
Arzuagak, halaber, nabarmendu du EH Bilduk "gure esku dauden baliabideak" erabili behar dituztela, "bide judizialak agortuz, politikoen eta erakundeen laguntzarekin edo aktibazio sozialaren bidez", presoen eskubideak babesteko.