Politika -
Ika-mika
Confebask gaitzestea eskatuko du EH Bilduk Legebiltzarrean
ELAk eta LABek aurkeztutako mozioa defendatuko du koalizio abertzaleak. Patronalak bi sindikatu hauek legez kanpo uzteko eskaera egin duela salatu dute sindikatuek eta alderdiak.
Erredakzioa
Confebask EAEko patronala gaitzesteko mozioa eraman dute Eusko Legebiltzarrera ELA eta LAB sindikatuek. EH Bilduk defendatuko duen sindikatuen idatzian, bi sindikatu hauek kanpo uzteko patronalak duen asmoa salatu eta askatasun sindikala defendatuko dute.
Mozioa Legebiltzarrean aurkeztu dute goizean Garbiñe Aranburu (LAB) eta Joseba Villareal (ELA) sindikatuetako bozeramaileek. Bertan Confebask gaitzestea eskatu dute, "askatasun sindikalaren kontra" aritzeagatik.
Espainiako Gobernuak Enpresa eta sindikatu elkarteak arautzeko estatutuen Dekretua aldatzeko proiektuaren zirriborroari Confebaskek egin omen dizkion alegazioak dira ika-mikaren iturri. Sindikatuen esanetan, patronalak Euskal Herriko gehiengo sindikala "zigortu" nahi du. Besteak beste, elkarrizketa sozialean parte hartzen ez duten edo "estatutuetan formalki jasotako helburuak betetzen ez dituzten" sindikatuak legez kanpo uzteko "mekanismoak" eskatu dituzte EAEko enpresaburuek.
Confebaskek, ordea, "irmotasunez" ukatu du sindikatuon ilegalizazioa eskatu izana.
Confebasken proposamena "askatasun sindikalaren kontrakoa" dela salatu du Aranburuk hedabideei egindako adierazpenetan, eta Eusko Jaurlaritzari Elkarrizketa Sozialerako Mahaia ez deitzeko eskatu dio. "Sindikatuen gutxiengoarekin, herren zegoen eta zentzugabekeria zen deitzea; orain, baina, Confebasken aldeko pausoa litzateke ", argudiatu du.
Eskakizunak gorabehera, Jaurlaritzak abenduaren 4rako deitu du Mahaia.