Politika -
Kontrolerako saioa
Masek 'beste pauso bat eman du noraezean', Rajoyren ustez
Duran i Lleidak salatu duenez, "Kataluniaren eskariei erantzunik eman gabe" ez zaio ekoizpen ekonomiari laguntzen.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, Artur Mas Generalitateko presidenteak "beste pauso bat eman du noraezean", eta, hori dela eta, Katalunian "aginte gabezia" dagoela erantsi du.
Erantzun hori eman dio Rajoyk Kataluniako presidenteak atzo aurkeztu zuen ibilbide orriari.
Rajoyk azpimarratu du Mas "kataluniar batzuen presidente" bihurtu dela, azaroaren 9ko prozesuan "lagundu nahi izan ez duen gehiengoa" baztertuta. Hori horrela, lehentasun nagusia krisiari aurre egitea eta kataluniarren arazo ekonomikoei arreta jartzea dela azpimarratu du.
Catalak esan du ez zutela Fiskaltzara jo
Rafael Catala Justizia ministroak esan du Gobernuak Fiskaltzara jotzeko aukera zuela azaroaren 9ko prozesuaren kontra egin zezan, baina, horren hitzetan, ez zuten mekanismo "posible" hori erabili, ez zelako "beharrezkoa" izan.
Catalak azaldu duenez, Ministerio Fiskalaren Estatutu Organikoaren 8. artikuluak aukera ematen dio Gobernuari, Justizia Ministerioaren bitartez, Estatuko fiskal nagusiari auzitegietara jo dezala eskatzeko interes publikoa jokoan dagoenean.
Fiskaltzak Masen eta bi kontseilariren kontrako kereila aurkezteko erabakia bere kabuz hartu zuela, Gobernuak "aparteko mekanismoa" baliatu behar izan gabe, gaineratu du.
CiU
Josep Antoni Duran i Lleida Kongresuko CiUren bozeramaileak, bere aldetik, "aurreko Gobernua kritikatuz" eta "Kataluniaren eskariei jaramonik ez eginez" ez zaiola ekoizpen ekonomiari laguntzen esan dio Rajoyri.
Buruzagi kataluniarrak ukatu egin du Espainiako Gobernua enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen alde lan egiten ari denik, eta, ondorioz, haien susperraldia ez dela "garaiz" iritsiko azaldu du.
"Egiozu kasu Bundesbanki, eta egin ezazu behingoz ekoizpen ekonomiaren aldeko apustua", aholkatu dio presidenteari.
PSOE hobeto zegoen Rubalcabarekin
Bestalde, Rajoyk Pedro Sanchez PSOEren buruzagiaren kudeaketa kritikatu du, Espainia hobera egiten ari den bitartean "PSOE okerrago" dagoelako, "Rubalcabarekin baino askoz okerrago".
PSOEren buruzagiak hiru urteko agintaldiaren balantzea egiteko eskatu dio Rajoyri Kongresuan, eta Espainiako herritarrei huts egitea eta "asignatura guztiak suspenditzea" leporatu dio, eta Rajoyk hitz horiekin erantzun dio Sanchezi.
Espainiako gobernuburuak aurrekontuen egonkortasunerako erreferentzia Konstituziotik kendu nahi izatea ere kritikatu du Rajoyk, Sanchezi begira, eta esan du horrek agerian uzten duela PSOEk ez dituela gauzak "oso argi".