Politika -
Diputatuen Kongresua
Konstituzioaren 135. artikulua aldatzea errefusatu dute PPk eta UPNk
Izquierda Pluralen eta Talde Mistoaren lege-proposamena atzera bota dute bi alderdiek. Gainerako talde politikoek ekimenari babesa eman diote, baita PSOEk ere.
Erredakzioa
Izquierda Pluralak eta Talde Mistoak Diputatuen Kongresuan aurkeztutako lege-proposamena atzera bota dute PPk eta UPNk. Konstituzioaren 135. artikulua aldatzea nahi zuen ekimenak. Aurreko Gobernu sozialistak PPren babesarekin Konstituzioaren artikulu hori aldatu zuen 2011n.
Lege-proposamenak aldeko 139 boto izan ditu, aurkako 173 eta 13 abstentzio.
Konstituzioaren aldaketa hanka-sartze bat izan zela onartu du PSOEk eta diputatu sozialistek lege-proposamenari babesa eman diote gaur. UPyD, EAJ, Amaiur, ERC, BNG, CC-NC, Compromis-Equo, Foro Asturias eta Geroa Baik ekimena babestu dute. CiU, ostera, abstenitu egin da.
Konkretuki, 135. artikuluari idazkera berria eman nahi zion testuak. Gobernuari “legez zor publikoa jaulkitzeko eta kreditua hartzeko” baimena eman nahi zion ekimenak. “Interesen eta zor publikoaren ordainketa aurrekontuetako gastuen artean zenbatuko dira beti, eta ezin izango dituzte aldatu edo zuzendu jaulkipen legearen baldintzak betetzen dituztenean”, argi uzten zuen lege-proposamenak.