Politika -

Usansoloko desanexioa

Aldundia: 'Usansoloren arazoa Osoko Bilkuran konpon daiteke'

Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailearen ustez, Galdakaoko alderdiek osteguneko Osoko Bilkuran adostuko dute Usansoloko bizilagunek "eskatutakoari behin betiko irtenbidea" ematea.

Igandean botoa eman zuten herritarrei "erabateko errespetua" agertu die Rementeriak. EiTB
Usansoloko galdeketa
Igandean botoa eman zuten herritarrei "erabateko errespetua" agertu die Rementeriak. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Usansoloko bizilagunek igandean egindako "eskakizunari" Galdakaoko Udalbatzak eman ahal dio "behin betiko irtenbidea", Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza diputatu eta bozeramailearen ustez. Ostegunean Osoko Bilkura egingo dute Galdakaoko Udalbatza osatzen duten kideek, eta bertan akordioa lortzea espero du Rementeriak.

Gobernu bilera izan du gaur Aldundiak, eta bileraren osteko prentsaurrekoan Usansolon igandean egindako kontsultaz aritu da bozeramailea. Rementeriaren esanetan, "ondo deritzogu jendeak bere iritzia emateari eta, hortaz, oso ondo deritzogu Galdakaon ere hala egin izanari". Igandean botoa ematera joan ziren herritarrei "errespetu osoa" agertu die, horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saileko diputatuak.

Rementeriaren aburuz, igandean gertatutakoak "agerian utzi du arazo edo ekimen honek behin betiko irtenbide legezko bat behar duela". Izan ere, EAJko eledunaren arabera, "igandeko galdeketarekin ez da behin betiko irtenbide legezko bat lortzen".

"Udalaren esku dago"

Foru Aldundia eta EAJ akordiorako prest agertu direla azpimarratu du Rementeriak. Horren ustez, erakundeetan konpondu behar da arazoa, "kasu honetan, Galdakaoko Udalean". "Uste dut alderdi guztiak akordio batera heldu ahal direla Udaleko Osoko Bilkuran eta arazo honi behin betiko irtenbide on bat emango diotela", erantsi du.

Udalbatzak akordioa lortuko balu, erabakitakoa Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu beharko litzateke. Han ere akordioa posible dela uste du Rementeriak.

Hain justu, Bizkaian herri gehiago egoteko aukera izan dadin Lurralde Mugapenaren foru araua aldatzeko asmoa ote duten galdetuta, erabakia "Udalaren esku" dagoela berretsi du Rementeriak. Bozeramailearen hitzetan, "alderdien arteko akordio hori aintzat hartu eta Usansoloren segregazioa zilegi den edo ez erabaki behar du Udalak".

"Hori ez du Aldundiak edo Aldundiak erabakitzen. Udalarena da erabakia, foru araua aldatzeko kontua gorabehera", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal hiriburuak Galdakao Azken ordukoa Bizkaia Usansolo gaur