Politika -
3.000 pertsonak bozka dezakete
Boto emaileen % 90ek Usansoloren desanexioa babestu dute
Guztira, 3.000 herritar inguruk zuten boto eskubidea, eta parte-hartzea % 76 ingurukoa izan da. Dena den, galdeketak 'ez dauka balio ez juridikorik ez politikorik”'.
Erredakzioa
Usansoloko herritarrek, gaur egun Galdakaoko auzoa dena, udalerri bihurtzea babestu dute Usansolo Herria plataformak deituta gaur egin duten kontsultan. Parte-hartzea handia izan da eta botoa eman dutenen % 89,8k Usansolo herri bihurtzea bozkatu dute. Dena den, galdeketak "ez dauka ez balio juridikorik, ezta politikorik ere".
Hautetsontziak arratsaldeko zortzietan itxi dituzte, eta 2.187 lagunek eman dute boza, botoa emateko aukera zutenen % 76k gutxi gorabehera.
Kontsultaren antolatu duen Usansolo Herria plataforma "oso pozik" agertu da herritarren parte-hartzearekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, beren aurreikuspenak gainditu egin dira; izan ere, 1.500 pertsona bozkatzea "erabateko arrakasta" izatea aurreikusten zuten.
Usansolo Herria plataformak emaitzen argitasuna nabarmendu du, nahiz eta kontsultak balio juridikorik ez izan. Orain, antolatzaileek herri berriak sortzea eragozten duen foru legea aldatzea eskatuko diote Bizkaiko Foru Aldundiari, desanexio prozesua has dadin.
Unkina plazan jarritako lau boto-kutxak 09:00etan zabaldu dira, aurreikusita zegoen bezala, eta normaltasuna izan da nagusi bozketan, hauteslekuaren inguruan sortutako zenbait ilaraz aparte, Monika Menia Usansolo Herria plataformako kidearen esanetan.
Menak gogora ekarri duenez, bozkatu ahal izateko, Usansoloko bizilagunek (16 urtetik gorakoek) NAN eta errolda agiria aurkeztu behar izan dute, Udalak ukatu baitzuen errolda ofiziala Usansolo Herria plataformari helaraztea.
Bozketan, zenbait kazetarik eta bertoko ordezkarik osatutako begirale talde bat izan da, lehenengo ordutik bozketa prozesua aztertzen, berme guztiekin egiten zela baieztatzeko.
Bestalde, lau mahaietako arduradunek hautesle bakoitzaren nortasuna erregistratu dute sistema informatiko batean, pertsona batek bitan bozkatzea saihesteko.
Kontsulta honek, baina, ez du zerikusirik Galdakaoko Udalak 2015. urteko otsailerako antolatu nahi duen "parte-hartze prozesua"rekin.
"Baliogabea", EAJren aburuz
Unai Rementeria Presidentetza diputatu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bozeramailearen hitzetan, kontsultak "ez dauka balio ez juridikorik ez politikorik" eta Ibon Uribe Galdakaoko alkateak proposatutako "bide-orria" jarraitzeko deia egin du (2015eko otsailean kontsulta egiteko).
"Egitekotan, balioduna izan dadila, ez zaborrera botatzeko. Igandean egingo dutenak ez dauka balio ez juridikorik ez politikorik. Gauzak behar den moduan egin ditzagun, baliodunak izan daitezen", ziurtatu du.
"Legezkoa"
Monica Mena Usansolo Herria plataformako bozeramaile eta Galdakaoko zinegotziak azaldu duenez, kontsulta legezkoa da, ekimen pribatua izango delako.
Gainera, Galdakaoko Udalak egingo duen parte-hartze prozesuari dagokionez, zentzurik ez duela iritzi dio Menak, legeak ez duelako aurreikusten Bizkaian herri gehiago sortzea.