Politika -
ETA
Alemaniako Auzitegi Gorenak kartzelara bidali du Tomas Elgorriaga
Tomas Elgorriaga urriaren 31an atxilotu zuten Alemanian, erakunde armatuko kideentzako nortasun agiri faltsuak egitea leporatuta.
Erredakzioa
Alemaniako Auzitegi Gorenak behin-behineko espetxeratzea agindu du Tomas Elgorriaga Kunze ETAko kidearen aurka. Joan den urriaren 31an atxilotu zuten, talde armatuko partaide izatea eta agiriak faltsutzea egotzita.
Fiskaltzaren bozeramaile batek Eferi azaldu dionez, Elgorriagak atzo deklaratu zuen instrukzioko epailearen aurrean, eta honek, fiskalaren eskaria onartuta, espetxeratzeko agindua eman du gaur.
ETAko kideentzako nortasun agiri ofizial faltsua egitea eta gordetzea egotzi diote Elgorriagari.
Frantziak estradizioa eskatuta atxilotu zuten Elgorriaga eta atxiloketa horren ondotik etorri da Alemaniak egindako ikerketa.
Elgorriagak 15 urte zeramatzan klandestinitatean, joan den hilean atxilo hartu zuten arte. Friburgoko Unibertsitatean irakasle-laguntzaile bezala lan egiten zuen, agiri faltsuekin.