Politika -

Parlamentuaren inkesta

Podemos, Nafarroako lehen indar politikoa

Pablo Iglesiasen alderdiak 18 eserleku lortuko lituzke; EH Bildu izango litzateke bigarren, 11rekin, eta UPN hirugarren, 8rekin.

nafarroa

Podemos, Nafarroako lehen indar politikoa

1:48

David Perez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak hauteskundeen inguruan eskatutako inkestak aldaketa historikoa aurreikusi du 2015. urteko maiatzeko foru hauteskundeetarako, Podemos lehen indar politiko jo baitu. EH Bildu bigarren izango litzateke, eta UPN amildu egingo litzateke, eserlekuen erdiak baino gehiago galduko bailituzke.

Hain zuzen ere, Pablo Iglesiasen alderdiak 50 eserlekuetako 18 lortuko lituzke. Bigarren postuan EH Bildu egongo litzateke, 11 diputaturekin (egun, Bilduk 7 ditu, eta Aralar-NaBaik, 6), eta ondoren honakoak izango lirateke: UPN, 8rekin (11 gutxiago); PSN, 5ekin (4 gutxiago); Geroa Bai, 4rekin (2 gehiago); Izquierda-Ezkerra, 2rekin (1 gutxiago); PP, 1ekin (3 gutxiago), eta UPyD, 1ekin.

Hori horrela, Podemosek eta EH Bilduk gehiengo osoa batuko lukete, baina gehiengo hori askoz zabalagoa izango litzateke horiei ezkerreko gainerako alderdiak gaineratuta.

Bestalde, UPNk eta PSNk (azken legegintzaldietan Nafarroako Gobernua babestu duen aliantza) 13 diputatu baino ez lituzkete izango.

UPNren jaitsiera ulertzeko gakoa inkestaren beste galde-erantzun batzuetan dago. Izan ere, Nola baloratuko zenuke Nafarroako Gobernuaren jarduna? galdetuta, herritarren % 66k "txarto" edo "oso txarto" erantzun dute, eta % 27k "hala-hola". % 6k baino ez dute uste "ondo" egin duela. Eta, are adierazgarriago, galdetutako inork ez du uste kudeaketa "oso ona" izan dela.

Era berean, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen balorazioa erdira jaitsi da. Herritarrek 4,5eko nota eman zioten duela urtebete, eta 2,0koa, aurten.

Dena dela, buruzagi politiko bakar batek ere ez du azterketa gainditu, ezta hurbildu ere. Politikari baloratuena Uxue Barkos (Geroa Bai) da, 3,9ko nota lortu baitu. Ondoren hauek daude: Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentaria (3,4); Patxi Zabaleta Aralarko koordinatzaile nagusia (3,3), Jorge Miguel Nuin I-Eko bozeramailea (3,2), Maria Chivite PSN idazkari nagusia (2,4) eta Ana Beltran PPNko eleduna (1,5).

EAEren eta Nafarroaren balizko bat-egiteari buruz ere galdetu dute inkestan: % 55 aurka agertu da, eta % 31, alde. Iaz, % 64 zeuden aurka, eta % 25, alde.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPN Albisteak Nafarroako Alderdi Geroa Bai Nafarroa gaur Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroako Podemos gaur