Politika -

Aretoko Fiskalen Batzordea

Torres-Dulcek Masen kontra jotzeko egindako proposamena onartu dute

Dirua bidegabe erabiltzea, prebarikazioa, desobedientzia eta funtzioak ez betetzea leporatu nahi die.

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia. Argazkia: Efe
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia.
Torres-Dulce fiskala, Masi kereila jartzearen alde

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aretoko Fiskalen Batzordeak Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Artur Mas Generalitateko presidentearen kontra jotzeko egindako proposamena babestu du, azaroaren 9ko parte-hartze prozesuan, ustez, delituak egin zituelakoan.

Kereila jartzea "ia aho batez" babesten dutela jakinarazi diote Torres-Dulceri.

Fiskalak Torres-Dulcek eskatuta batzartu dira, A-9ren harira kereila jartzeko argudioak azaltzeko. Izan ere, Kataluniako Fiskaltzak uko egin zion Mas auzibidean jartzeari.

Hain zuzen ere, prebarikazioa, funtsak bidegabe erabiltzea, desobedientzia eta ez dagozkien funtzioak bereganatzea egotzi nahi die fiskalburuak Masi, Joana Ortega presidenteordeari eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariari.

Delitu horiek Fiskaltza Nagusiak Kataluniako Fiskaltzari igorri zion zirriborroan jasota zeuden, baina fiskal goren kataluniarrak errefusatu egin zuen kereila aurkeztea.

Agindua errepikatuko dio Kataluniako Fiskaltzari

Fiskalen Batzarren babesa eman eta gero, Torres-Dulcek berretsi egin dio Kataluniako Fiskaltzari Masen aurka kereila jartzeko agindua.

Bi fiskalek baino ez dituzte agertu zalantzak: Pedro Crespo Auzitegi Goreneko fiskala eta Bartolome Vargas Bide Segurtasuneko fiskala.

Erantzunak, berehala

Azaroak 9ko prozesu parte hartzailearen aurka salaketa jartzen badu, Espainia “nazioarte mailan barregarri” geratuko dela ohartarazi du Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak.

Ausarta izateko eskatu dio Jordi Turull CiUko presidenteak Torres-Dulceri. Horrela, “juridikoki apaindutako jazarpen politikoan” Kataluniako Parlamentuaren aurka egitea eskatu dio Turullek fiskalburuari, ez bakarrik Mas, Ortega eta Rigauren kontra.

Kataluniako prozesua “kereilen bidez geldiarazten” dela uste dutenak “oker” ari direla ohartarazi du Alfred Bosch ERCko bozeramaileak. Estatuko fiskal nagusiaren kereilak azaroaren 9an bozkatu zuten “milioika” kataluniarren aurka egiten duela adierazi du Boschek.

Maurici Lucena PSCko bozeramailearen ahotan, Estatuko fiskalburuaren erabakia “hanka-sartze larria” da. Eztabaidaren judizializazioak “ez du arazoa konpontzen lagunduko, gauzak okerragotuko ditu”, gaineratu du.

Santi Rodriguez PPCko bozeramailearen hitzetan, zuzenbidezko Estatuan “arauak urratzen dituztenek azkenean ordaintzen dute”. “Espainia zuzenbidezko Estatua izatea eta funtzionatzen” duela demostratzea ospatu du Rodriguezek prentsaurrekoan, Kataluniako Parlamentuan.

Estatuko Fiskaltza Nagusiak Mas, Ortega eta Rigau bakarrik auzipetzea kritikatu du Quin Arrufat CUPeko diputatuak. Arrufaten esanetan, azaroaren 9ko kontsulta ahalbidetu zuten alderdi guztien aurka jotzea “logikoena” litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur