Politika -

A9

Torres-Dulcek Masen, Ortegaren eta Rigauren kontra jotzea proposatu du

Horixe esan omen du fiskalekin egiten ari den bileraren hasieran. Dirua bidegabe erabiltzea, prebarikazioa, desobedientzia eta funtzioak ez betetzea leporatu nahi die.

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia. Argazkia: Efe
Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusia.
Estatuko fiskal nagusiak Ministerio Fiskaleko ordezkariak batu ditu

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak Ministerio Fiskaleko ordezkari nagusiekin egitekoa zuen bilera 10:00etan hasi da, eta batzar horretan Torres-Dulceren proposamena hizpide izango dute, besteak beste. Katalunian azaroaren 9an egindako parte-hartze prozesuaren harira, Estatuko Fiskal nagusiak Artur Mas Generalitateko presidentearen, Joana Ortega presidenteordearen eta Irene Rigau Hezkuntza kontseilariaren kontra jotzea proposatu du, desobeditu, dirua bidegabe erabili eta funtzioak usurpatu izana egotzita.

Fiskaltzaren iturriek jakinarazi dutenez, Aretoko Fiskalen Batzordea (fiskalen ordezkari nagusiak barne hartzen dituen aholkularitza erakundea) osatzen duten 27 kideetatik 25ek parte hartu dute bileran; izan ere, Fernando Marin Casta duela gutxi izendatutako fiskalak ez du kargua hartu oraindik eta Juan Ignacio Campos Auzitegi Goreneko aretoko fiskala ondoezik dago.

Mahai gainean izan duten beste gaia Kataluniako Fiskaltzak Artur Masen aurkako kereila jartzeari uko egitea erabaki zuen bilerako akta izango da. Aipaturiko dokumentua Estatuko Fiskaltzari bidali zion bere erabakia justifikatzeko.

Akta horren arabera, Auzitegi Konstituzionalak parte-hartze prozesua bertan behera utzi bazuen ere, ez zion ohartarazpen zehatzik egin Generalitateari. Are gehiago, organo horren "hausnartutako erabaki bat izan zela dirudi", eta horrek zaildu egiten du desobedientzia delitu batez hitz egitea.

"Agindu argi, zehatz eta jakin baten gabeziak, jakina, ezaugarri berdinak dituen hartzaile baten falta dakar", eta "ez zaio hartzaile jakin bati zuzentzen", adierazi dute Kataluniako fiskalek Masen kontrako kereila jartzeari uko egiteko.

Dena den, Aretoko Fiskalen Batzordeak gaur hartuko duen erabakia ez da loteslea eta azken erabakia Torres-Dulceren eskuetan egongo da. Hala ere, Estatuko fiskal nagusiak fiskalen ordezkari nagusien babesa jaso nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur