Politika -

Kataluniako kontsulta

'Metropolia ahultzen denean, gainbehera dator'

Espainiako Armadako buruak "botere zentralaren ahultasuna"ri egotzi dio Kataluniako egoera.

Jaime Dominguez Buj Espainiako Armadaren Estatu Nagusiko burua. EiTB
Jaime Dominguez Buj Espainiako Armadaren Estatu Nagusiko burua. EiTB
Jaime Dominguez Buj Espainiako Armadaren Estatu Nagusiko burua. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jaime Dominguez Buj Espainiako Armadaren Estatu Nagusiko buruak Kataluniako egoera hizpide hartu du astearte honetan, eta "metropolia ahultzen denean", "gainbehera" etortzen dela deitoratu du. Horren esanetan, tankera honetako "prozesu" [independentistak] "botere zentrala ahula denean" gertatzen dira, eta 1898. urtean Espainiak azken koloniak galdu zituenekoa jarri du adibide gisa.

Atzerri Politikako Institutuak Madrilen antolatutako gosari informatibo batean, Espainiaren egungo egoera "mingarri" egiten zaiola esan du militarrak, eta ustelkeria auziak eta Kataluniako prozesu independentista aipatu ditu.

Mariano Rajoyren Gobernua zehazki aipatu ez badu ere, egungo egoera 1898. urtekoarekin alderatu du Dominguez Bujek: "Metropolia ahultzen denean, gainbehera dator".

Horren esanetan, Espainiako Indar Armatuek ez dute "ezer" bermatu behar. Horren ildotik, Armada "Espainiako Gobernuak legea eta Konstituzioa beterearazteko duen lanabesa" dela adierazi du.

"Armadak Espainiako Gobernuaren aginduak betetzeko prest egon behar du, bai atzerrian, bai barnealdean", gaineratu du.

Nolanahi ere, Kataluniako gatazka ez dela "indarra erabiliz" konpontzen ohartarazi du, baizik eta Espainiako Gobernuak herritarrei igorritako mezuen bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur