Politika -
Masen kontrako kereila
Torres-Dulceren agindua beteko du Kataluniako Fiskaltzak
Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila aurkeztu ala ez asteazkenean aztertuko du. Hala ere, Aretoko Fiskalen Batzordearen jarrera ez da loteslea, eta azken hitza Torres-Dulcek izango du.
Erredakzioa
Eduardo Torres-Dulcek Estatuko fiskal nagusiak emandako agindua beteko du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren Fiskaltzak, Artur Mas Generalitateko presidentearen aurka egitea erabakitzen baldin badu, iturri judizialek Europa Press albiste-agentziari azaldu diotenez. Kataluniako fiskalak kereila aurkeztearen aurka agertu ziren.
Estatuko Fiskaltza Nagusiak kereila aurkeztea ala ez asteazkenean aztertuko du. Kataluniako fiskalen aurka diziplinazko neurriak martxan jartzea ez du planteatu Fiskaltza Nagusiak oraindik, baina etorkizunean fiskalburuaren agindu bat betetzen ez baldin badute aukera ez du baztertu, iturri fiskalek Europa Pressi esan diotenez.
Bestalde, Artur Masen aurka azaroaren 9an partikularrek aurkeztutako salaketen inguruan Kataluniako Fiskaltzak azalpenik emango ez duela adierazi dute iturri judizialek. Iritzi bat emateko kereila onartu ala ez ikusi arte itxaron behar dutela uste dute fiskalek.
Kataluniako fiskalak kontuan hartu gabe Torres-Dulcek kereila aurkeztea erabaki dezake, baina ez dirudi aukera hori emango denik. Iturri judizialek erantsi dutenez, Torres-Dulcek agindua ematen baldin badu kereila laster aurkeztuko dute.
Aretoko Fiskalen Batzordea, asteazkenean
Aretoko Fiskalean Batzordea asteazken honetarako deitu du Torres-Dulcek. 10:00etan bilduko da. Kataluniako Fiskaltzaren eta Estatuko Fiskaltza Nagusiaren artean dauden desadostasun juridikoak ikusita, “zuzenketa mekanismoak” martxan jarri ditu fiskalburuak.
Hala ere, Aretoko Fiskalen Batzordearen jarrera ez da loteslea, eta azken hitza Torres-Dulcek izango du. Bilera horrekin Ministerio Publikoaren babesa lortu nahi du fiskal nagusiak; izan ere, Kataluniako Fiskaltzaren bederatzi kideek aho batez kereila arbuiatu zuten.
Hala eta guztiz ere, Batzordeak auzitara ez eramatea erabakiko balu, kereila aurkezteko azken hitza fiskal nagusiak izango luke, baina ez dirudi aukera hori emango denik.